Udal aurrekontuari ekarpenak egiteko tartea zabaldu dute Mutrikun
Herritarrek abenduaren 18a arte izango dute euren proposamenak egiteko tartea. Datorren urteko aurrekontuan ahalik eta proposamen gehien sartzen ahaleginduko direla iragarri dute.
Mutrikuko Udala datorren urteko aurrekontuaren zirriborroa prestatzen hasita dago. Aurten, aurrekontuaren eraketan herritarren parte hartzea handitu nahi izan du udalak, eta ondorioz, mutrikuarren ideiak jasotzeko kanpaina abiarazi du. “2021eko aurrekontua inoiz baino parte hartzaileagoa izatea nahi da; hori dela eta, herritarren ideiek bere lekua edukiko dute aurrekontuan“.
Mutrikuarrek izan ditzaketen ideia eta lehentasun guztiak entzun nahi dituztela azpimarratu dute. “Ideia txikiak edo handiak, gazte edo helduen ideiak, irisgarritasuna bermatzeko ideiak edota aisialdiarekin zerikusia dutenak, guztiak izango dira ongietorriak”. Gaineratu dutenez, herritarren hitza da kontuan hartu nahi dutena. “Askotan ideia berritzaileak norberaren etxean geratzen dira eta egingarriak izan arren bere horretan geratzen dira. Udalak ez ditu proiektu handiak bakarrik jaso nahi, gauza txikiak ere entzun nahi ditu, mutrikuarren egunerokotasuna hobetu dezaketenak, alegia”.
Herritarrek abenduaren 18a arte izango dute euren proposamenak egiteko tartea. Ideiak helarazteko bi modu daude: Interneten eskuragarri jarri duen estekaren bidez edo komunikazioa@mutriku.net helbidera mezu bat bidalita. Herritarrek proposatutako ideiak jaso eta aztertu ondoren, bigarren fase batean herritarrek gustukoenak bozkatzeko aukera izango dute. Datorren urteko aurrekontuan ahal diren ideia guztiak gehitzen saiatuko direla iragarri dute.