Labik bere horretan utzi ditu Gabonetarako emandako irizpideak
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuetan "apaltzeko" joera dagoela adierazi du; abenduaren 22an berriro batzartuko direla esan dute. Erabakia hartzeko datuei erreparatu dietela esan dute, eta datuak baikorrak direla gaineratu.
Eusko Jaurlaritzako hainbat agintarik esan zuten “datuek eskatzen bazuten” prest zeudela COVID-19ari aurre egiteko Gabonetarako irizpideak “gogortzeko”. Oraingoz, horretarako “premiarik ez dagoela” ondorioztatu du Labik gaur [abenduak 18], Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontuoz arduratzen den erakunde arteko batzordeak. Birusaren transmisioaren berri ematen duten datuei erreparatu diete horretarako, eta baikorrak dira: “Aldagai guztietan igartzen da beherako joera; Arabak izan du portaera txarragoa: joera hori geratu egin da han”.
Horiek horrela, gogora ekarri dituzte lehengo astean IƱigo Urkullu lehendakariak jakinarazitako irizpideak. Esaterako, gogorarazi dute Gabonetako topaketetan ahalik eta jende gutxien batzea komeni dela, hamar laguneko muga jarria dagoela baina hobe dela gutxiago izatea, ahal bada: “Hamar izan beharrean zortzi badira, hobe; zortzi izan beharrean sei badira, oraindik hobe”. Batzen diren bizikidetza taldeak ere mugatu egin behar direla gogora ekarri dute, klase guztietako jende pilaketak eragotzi behar direla, ahalik eta gehien aurreratu behar dela etxeratzeko ordua, eta adi erreparatu behar zaiola toki itxietako aireztapenari. Dekretu batean bilduta daude propio Labik emandako irizpideak, baina gogora ekarri dute “herritarren konpromisoa” dela halako gai batean ororen gainetik lehenetsi beharrekoa, dekretu batek ezin baitie erantzun errealitatean sortzen diren egoera guztiei.
Bestetik, adierazi dute asteotan asmoa dutela birusaren jarraipena egitea erraztuko duten kontrolak zorrozteko, eta egoera epidemiologikoa zorrotz analizatuko dutela, akaso neurriak “irmotzera” jo beharko baita oraindik. Hilaren 22an batzordeak bilera egingo du egoera berriro aztertzeko.