Lau pertsona zauritu dira Berriatuan gertatutako zirkulazio istripu batean
Oraindik ezagutzen ez diren arrazoiengatik, bi autok aurrez aurre jo dute Askartza eta Gardotzako industriagunearen artean. Atzetik zetozen autobus bat eta beste auto bat ere kaltetuta geratu dira.
Eguenean [abenduak 17], 22:25ak aldera, bi autok aurrez aurre talka jo zuten Berriatuan. Zehazki, BI-633 errepideko 56,8 kilometroan gertatu zen ezbeharra, Askartza eta Gardotzako industriagunearen artean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, lau pertsona zauritu ziren; Donostiako ospitalera eraman zituztela esan dute. Ertzaintzaren esanetan, zauri larririk ez dute eduki autoetan zihoazenek. Istripuaren ondorioz, Markina-Xemeingo suhiltzaile etxeko suhiltzaileak eta Ertzaintza bertaratu ziren, bai eta anbulantzia ere.
Oraindik ezagutzen ez diren arrazoiengatik Berriatuara bidean zihoan Ford Focus batek eta Ondarroara bidean zihoan Renault Clio batek aurrez aurre elkar jo zuten. Ford Focusaren atzetik zetorren Bizkaibuseko autobus bat eta Renault Clioaren atzetik zetorren Volkswagen Tiguan bat ere kaltetuta geratu ziren. Kolpearen ondorioz, Renault Clioan zihoazen bi lagun eta Ford Focuseko eta Volkswagen Tiguaneko gidariak zauritu ziren.
Istripuaren ondorioz, errepidea itxi egin behar izan zuten. 01:00ak aldera ireki zuten errepidearen zati bat, eta txandaka egin zuten autoen joan-etorria. Autoak kendu eta garbiketa lanak amaitu ostean, 02:00ak aldera bidea garbi geratu zen.