'219 aldiz Arno baietz!' erronka abiaraziko du Sare Mutrikuk
Espetxeetan dagoen preso kopurua bezainbatetan Arno igotzeko erronka bota diete herritarrei. Urtarrilaren 1ean abiaraziko dute erronka.
Sare Mutrikuk eskuartean dituen asmoen berri eman zuen zapatuan [abenduak 19] Zabiel plazan egindako aurkezpen ekitaldian. Sareren ardatz nagusien berri eman zuten, eta tartean, Izan Bidea dinamikaren barruan 2021an gauzatu nahi duten erronka ere ezagutara eman zuten: 219 aldiz Arno baietz!. “Dagoen preso kopurua adina alditan igoko dugu 2021ean Arno”.
Urtarrilaren 1ean abiaraziko dute erronka, eta bertan parte hartzeko asmoa dutenei Arnoko gailurrean argazki bat ateratzeko eskatu diete. Zehatz esanda, tontorreko makilan zintzilikatuta egongo den Izan Bidea zapiari helduta argazkia atera eta mutrikusaretzen@gmail.com helbidera bidaltzeko eskatu dute, ostean sare sozialetan zabaltzeko. “Zapia Txalaparta tabernan ere eskuratu ahal izango duzue, baina menditik bueltan berriro bertan utzi beharko da”.
Zapatuko aurkezpenean, gainera, urtarrilaren 9ko manifestazioaren ordez herriz herri egingo den ekintzari buruzko informazioa ere eman zuten. Mutrikun ere 17:30ean gauzatuko den mobilizazio bateratuarekin bat egingo dutela iragarri dute. Mobilizazioa arrakastatsua izan dadin, etxerako bidea gara, elkarbizitzarako bidea gara, konponbiderako bidea gara edo bakerako bidea gara moduko leloak erabiliz argazkiak atera eta mutrikusaretzen@gmail.com helbidera bidaltzeko eskatu diete sentsibilitatea desberdinetako mutrikuarrei. Jasotako argazkiekin bideo bat osatuko dute.
Mobilizazioari begira martxan jarri den bi euro=bi metro karratu kanpaina ekonomikoaren berri ere eman zuten ekitaldian. “Bi euroren truke norberak bere metro kuadroa erosteko aukera edukiko du. Txartelak herriko hainbat tabernatan eta dendatan jarriko ditugu salgai hurrengo egunetan”.