Ondarroako eta Mutrikuko kirol galak, xume bezain hunkigarriak
Ondarroan udaberrian egitekoa zen kirol gala egin dute. Mutrikun, berriz, hiru sari nagusi banatu dituzte.
Barikuan [abenduak 18] kirol gala bereziak egin zituzten Ondarroan eta Mutrikun. Osasun egoerak ezarritako aforo kontuengatik ohi baino era xumeagoan egin behar izan zituzten sari banaketa ekitaldiak. Dena dela, urteroko momentu berezi eta hunkigarriak bateko zein besteko galetan errepikatu ziren.
Ondarroan, esaterako, Kofradia Zaharrean banatu zituzten 2019ko Kirol Sariak; ekitaldia, berez, udaberrian egin behar zuten, baina osasun larrialdia tarteko atzeratu egin behar izan zuten. Ohi modura, lau sari banatu zituzten. Aipamen berezia izan zen banatu zuten lehenengo saria; antolatzaileek galako “saririk bereziena” izan zitekeelako banatu zuten lehenengo. Aitor Aulestia zenaren senideek jaso zuten saria; Gorka Aulestia anaiak, Jugatz Aulestia alabak eta Virginia Esteban emazteak jaso zuten saria, zehazki. Euren senideagaz akordatzea “ohore handi bat dela” azpimarratu zuen Gorka Aulestiak.
Saria jasotzen hurrengoak Tontorramendi Aurrera Mendi Taldeko Eskalada Taldeko kideak izan ziren. Urteko kirol taldea saria pozik jaso zuten eskalada taldeko ordezkariek; kiroldegian proiektu berriren bat egiten denean rokodromo berri bat edo dagoena hobetzeko eskatu zuten, eskaladari beste bultzada bat emoteko nahiagaz. Saria hartzen hurrengoa Inhar Urruzuno izan zen, urteko gizon kirolari saria eman zioten. Eskerrak ematearekin batera, jasotako saria motibaziorako beste pauso bat zela nabarmendu zuen harrijasotzaileak.
Azken saria Nerea Badiola eta Amaia Galdos Orioko arraunlariek jaso zuten: urteko emakume kirolaria saria. Badiolak egin zuen berba bien izenean. Euren kirol ibilbide gehiena herritik kanpora gauzatu badute ere, herria momentu guztian “oso presente” eduki dutela esan zuen. Herritarren aldetik halako sari bat jasotzea “ohorea handi bat” dela azpimarratu zuen.
Mutrikuko udaletxeko areto nagusian egindako VIII. Kirol Galan, aldiz, baten ordez hiru Kirolari onena sari banatu zituzten. Aldi berean, herriko 11 kirol taldek egindako lana ere goraipatu nahi izan zuten. Joseba Palenzuela alkateak eta Aitor Itza Kirol zinegotziak herrian dagoen kirol aniztasuna eta hiru kirolariek 2020an izandako lorpenak azpimarratu nahi izan zituzten.
Sari nagusia, hain zuzen, Eneritz Lizardi puntistarentzako, kirol egokituan aritzen den Eneko Sagarmendi palistarentzako eta Gorka Bosque motor gidariarentzako izan zen. Lizardik, esaterako, Gipuzkoako txapelketa irabazi du aurten eta Espainiako Kopako txapelketan bigarrena izan da. Sagarmendik, berriz, hainbat aldiz irabazi du Master Cup txapelketa. Bosquek, aldiz, Super Bike 1000 saria irabazi berri du Xerezko zirkuituan.
Honako 11 taldeen lana ere eskertu nahi izan zuten galan: Mutriku Futbol Taldea, Mutriku Sokatira Taldea, Danok Bat Pelotazale Elkartea, Mutriku Arraun Taldea, Burumendi Mendizale Elkartea, Jauja Eskubaloi Taldea, Txaturanga Xake Taldea, Atxukale Txirrindulari Taldea, Mutrikuko Eskola Kirola, Sorginerreka Eskalada Taldea eta Talaixa Triatloi Taldea.