Presoen eskubideen aldeko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du Sarek
Etxebarrian, Lekeition, Markina-Xemeinen, Munitibarren, Mutrikun eta Ondarroan formatu anitzeko ekitaldiak egingo dituzte zapatuan, 17:30ean hasita.
COVID-19a tarteko, aurten ez da euskal presoen eskubideen aldeko urte hasierako mobilizazio jendetsurik egongo Bilbon. Hala ere, zapatuan [urtarrilak 9] 17:30ean herriz herriĀ “bizikidetzaren eta bakearen alde” mobilizatzeko deia egin du Sarek. Izan Bidea ekimenaren baitan, Euskal Herriko 238 herritan egingo dituzte protestak, tartean Mutrikun eta Lea-Artibaiko zenbait herritan. Formatu anitzeko mobilizazioak egingo dituzte, ordezkaritza politiko eta sindikal zabalaren parte hartzeagaz.
Sarek herriz herri egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du. “2021 konponbidearen urtea izan behar da, eta guztien artean lortuko dugu. Ez pandemia honek, ez eguraldiaren aurreikuspenek, ez dute gehiegi laguntzen, baina ziur gaude ditugun datuak ikusirik, aurten ere milaka herritar batuko direla euskal presoen eskubideen urraketa amaitu eta Euskal Herrira itzultzen hasteko deialdiaren baitan”.
Mobilizazioak herriz herri:
- Etxebarria. Olaia aurretik auto karabana baserri auzoetara abiatuko da. Herrian, berriz, manifestazio musikatua eta ekitaldia egingo dituzte.
- Lekeitio. Plazia argitxuz, presuak etxian lelopean, manifestazioa Mandaskatik hasita. Plazan amaituko da protesta.
- Markina-Xemein. Arkupetik irtenda, manifestazioa.
- Munitibar. Elkarretaratzea, bidegurutzean.
- Mutriku. Ekitaldia, Goiko Plazan.
- Ondarroa. Etxerako, elkarbizitzarako, bakerako lelopean, manifestazioa Zaldupeko Zubitik hasita. Ostean, ekitaldia egingo dute frontoian.
- Ziortza-Bolibar. Markina-Xemeingo ekitaldira joateko deia egin dute.