Ehunka herritarrek salbuespenezko espetxe politika aldatzeko garaia dela aldarrikatu dute
'Bidea Gara' lelopean herritarrak kalera atera dira ondoko herrietan: Aulesti, Etxebarria, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Munitibar, Mutriku eta Ondarroa.
Izan Bidea ekimenaren baitan, euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioak egin dituzte asteburuan. Eguraldi txarrari aurre eginez, salbuespenezko espetxe politika aldatzeko garaia dela agerian utzi zuten zapatu [urtarrilak 9] arratsaldean Euskal Herriko 240 herri eta auzotan batu ziren herritarrek, baita Mutrikun eta Lea-Artibaiko zenbait herritan batu zirenek ere.
Bidea Gara lelopean ehunka herritar kalera atera ziren Aulestin, Etxebarrian, Ispasterren, Lekeition, Markina-Xemeinen, Munitibarren, Mutrikun eta Ondarroan. Herriz herri batu ziren lagunak gogo eta nahi beraren baitan elkartu ziren, bidean aurrera egiteko nahiarekin, alegia. “Nor bere eran. Bakoitza bere ideiak soinean eta, norbere sentipen eta bizipenak altzoan, baina bide berberaren baitan: etxerako, elkarbizitzako eta bakerako bidean”.
Formatu anitzeko mobilizazioak egin zituzten. Munitibarren bidegurutzean egindako elkarretaratzean 35 herritar batu ziren. Etxebarrian, esaterako, auto karabana baserri auzoetatik ibili zen. Frontoian egindako ekitaldian, berriz, 25 lagun batu ziren. Ispasterren 65 lagunek parte hartu zuten plazan egindako ekitaldian, eta 271 euro batu zituzten. Aulestiko plazan batutako 111 lagunek, berriz, mosaiko bat irudikatu zuten eta ostean hainbat herritarrek testu bat irakurri zuten.
[ZUZENEAN ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Mutrikun, aldiz, 250 lagun batu ziren Miruiatz frontoian egindako ekitaldian. Plaza argitxuz, presuak etxian lelopean, manifestazioa egin zuten Lekeition. Ekimena plazan amaitu zuten, argazki erraldoi batekin. Markina-Xemeinen ere manifestazioa egin zuten, Arkupetik irtenda, eta 200 lagun inguru batu ziren. 600 lagunetik gora batu ziren Ondarroako kaleetatik zehar Etxerako, elkarbizitzarako, bakerako lelopean egin zen manifestazioan. Mobilizazioa frontoian egindako ekitaldi jendetsuarekin amaitu zuten.
Herriz herri batu diren guztiei eskerrak eman dizkie Sarek. “Eskerrik asko guztioi, urteroko mobilizazioari emandako erantzunagatik”. Sarek adierazi duenez, “garai itxaropentsuak” datoz. “Zerbait mugitzen ari da. Preso batzuk hurbildu dituzte, baina oso astiro, eta gutxi dira Euskal Herrira ekarri dituztenak”. Garai itxaropentsuak badatoz ere, egoera ez dela “lasai” egoteko modukoa esan dute. Egoera horren aurrean, Sarek ezinbestekotzat jotzen du presoak Euskal Herrira hurbiltzen jarraitzea, “haien errotze soziala ahalbidetzeko eta senideei urruntasun horrekin ezarritako zigor erantsia arintzeko bidea baita”.
Elkarbizitzarako bidean eman beharreko sei aldarrikapen nagusi egin ditu Sarek: euskal presoen euskal herriratzea, senideei eragindako zigor erantsia amaitzea, preso guztiei gradu progresioa ahalbidetzea, larri gaixo dauden eta adinez nagusi diren presoak etxeratzea, hau motxiladunek gurasoekin bizitzeko duten eskubidea errespetatzea, eta Frantzian betetako zigor urteak Espainian kontuan hartuak izatea.