Hirugarren olatuaren ondorioak "are okerragoak" izan daitezkeela diote
Epidemiologoek ohartarazia zuten gaitzaren hirugarren olatu bat iritsiko zela Euskal Herrira, eta datuek erakusten dute kasu berrien kurbak goranzko joera hartu duela. Bigarren olatua apaldu ez eta beste bat datorrela diote.
Epidemiologo askok aspaldi ohartarazi zuten: COVID-19aren hirugarren olatua Euskal Herrira ere iritsiko zen, eta haren neurria eta larritasuna jakitea bakarrik falta zen. Gabonak igaro berri dira, eta goiz da oraindik beste olatu batez hitz egiteko, baina adituak bat datoz: bigarren olatuaren aparrak ez dira desagertu, eta hirugarren baten hasieran gaude.
Urtarrilean beste olatu bat izango zela gauza jakina zen. Ikuspuntu epidemiologo batetik aztertuta hala izan da historikoki, Adrian Aginagalde epidemiologoak azaldu duenez: «Ohikoa izaten da abenduko azken astean birusak abiadura handiagoarekin transmititzea, besteak beste, Gabonetako ospakizunak tartean egoten direlako». COVID-19aren kasuan ere hala izaten ari da. Datuek erakusten dute abenduaren 30etik aurrera berriro ugaritzen hasi dela batez besteko eguneko kasu kopuru berria, eta urtarrilaren 5ean berriro 500etik gora igaro dela. Goranzko joera hori apala da oraindik, baina hurrengo egunetan ikusiko da kurbak gorantz egingo duela. «Abenduaren 24ko eta 25eko familia topaketen ondorioak orain ari gara ikusten, eta ondoren ikusiko dugu Gabon zahar eguneko eta urtarrilaren 1eko efektua nolakoa den, eta gero Errege Egunekoa,… Argi dago, beraz, transmisioaren bizkortze bat izaten ari dela».
Datuak aztertuta eta izurriak orain arte izan duen bilakaera ezagututa, aurreikuspen oso ezkorra egin du Aginagaldek: «Oso litekeena da lehenengo olatua bezain latza izatea, edo okerragoa». 1918ko gripeak utzitako irakaspenetatik iritsi da ondorio horretara: «Sasoiko birusekin gertatzen dena gertatu zen orduan, hots, Eguberrien ostean, izugarri bizkortu zen transmisioa, gizarteak jaietan izandako portaeraren ondorioz».