Ondarroako gurutze frankistaren hondarrak kentzeko lanak hasi dituzte
Gaur goizean hasi dituzte lanak, eta asteon amaituko dituzte. Monumentua zatitu ostean, Dongre aurrean ipinitako garabiaren laguntzagaz aterako dute.
Ondarroako Arta musturreko begiratokian duela bi urte eraitsitako monumentu frankista kentzeko lanak hasi dituzte gaur [urtarrilak 11] goizean, Ondarroako Udalaren eskariz. Geotunel enpresa ari da lanak egiten, eta 13.668,17 eurokoa (BEZĀ barik) da horien aurrekontua. Aste honetan amaituko dituzte lanak, eta esan dutenez, Dongre eraikinaren inguruan egiten ari diren lanak baliatuta egingo dituzte.
Ikur frankista eremutik behin betiko kentzea zaila izango azpimarratu dute udal iturriek. “Lan nekeza izango da, oroigarria astuna eta sendoa delako”. Begiratokira bertaratzea ere ez da erraza. 45 eskailera jaitsi behar direnez, beharrezko material eta makinaria guztia garabi baten laguntzagaz eraman behar izan dute. Dongre parean ipini dute garabia.
Itsasoan hil diren herritar guztien omenezko memoria gune bat eraikitzeko asmoa agertu du udalak
Oroigarria hormigoi armatuaz eginda dago, eta pisua kontuan hartuta, zatika aterako dute; horiek ere garabiaren laguntzagaz aterako dituzte. Gogorarazi dutenez, garabia Dongre aurrean dagoen bitartean ezin izango da bertan aparkatu. Bertatik igarotzen diren oinezkoei ere “kontu berezia” edukitzeko eskatu diete, “batez ere garabia martxan dagoen uneetan”.
Eraitsitako gurutzearen hondarrak kendu ostean, espazio hori beste helburu baterako baliatuko dela iragarri dute. Zehatz esateko, itsasoan hil diren herritar guztien omenezko memoria gune bat eraikitzeko asmoa agertu du udalak. “Ondarroa moduko arrantzale herri batek beharrezkoa du halako oroigarri bat; euren senitarteko bat itsasoan galdu duten familiek ere merezi dute halako leku bat. Ondarroan asko izan dira itsasoan galdu direnak, gehienak arrantzaleak, baina ez guztiak. Denen oroimenerako espazio bat izatea nahi dugu”.
Eraitsitako monumentua kenduta, gainera, Memoria Historiareko legearen baitan beste pauso bat emango dela nabarmendu dute udal iturriek. “Ondarroako Udalak behar beste urrats emango ditu Memoria Historikoaren legearen aurkako herriko ikurrak edo oroigarriak kentzeko. Arta musturreko oroigarri frankista, adibidez, legea urratzen zuten oroigarrien artean katalogatuta zeukan Eusko Jaurlaritzak”.