Bizkaiko erakusleiho lehiaketako bigarren saria, Ondarroara
Ondarroako Lorak Esther loradendak, gainera, Bizkaidendak Elkarteak herrika banatzen duen Tokiko Erakusleiho Onenaren saria ere irabazi du. Ondarroako loradendak Bizkai mailan sari bat irabazi duen lehenengo aldia da.
Ondarroako Lorak Esther dendak Bizkaidendak Elkarteak antolatutako II. Erakusleiho Lehiaketako bigarren saria eskuratu du. Establezimenduak, gainera, elkarteak herrika banatzen duen Tokiko Erakusleiho Onenaren saria ere irabazi du. Esther Olabarria dendako arduradunak pozik jaso du Bizkai mailan estreinako lortu duten saria. “Bizkai mailako bigarren saria lortzea sekulakoa izan da. Ez genuen espero. Sari banaketa Internet bidez egin zen, eta antolatzaileek konexioa jarraitzeko eskatu ziguten. Herriko saria jasoko genuela uste genuen, baina ez halakorik”.
“Gabonen magia” irudikatzen ahalegindu dira euren establezimenduko erakusleihoan. Eta ahalegin horrek 750 euroko saria jaso du. “Ilargi handi bat, elurrez apainduriko zuhaitz bat, ipotxak eta ilargiaren atzean ezkutatuta umetxu batek osatu dute guk apaindutako erakusleihoa”.
Lurraldeko 350 establezimenduk parte hartu dute lehiaketan. Parte hartzeari dagokionez, aurtengo lehiaketak aurreikuspen guztiak gainditu dituela esan dute. “350 establezimenduk parte hartu dute, iazko kopuruaren bikoitza, eta ia 21.000 lagunek parte hartu dute herritarrek bozkatzeko sisteman”. Antolakuntzaren iritziz, aurtengo lehiaketa arrakastatsua izan da. “Bizkaiko txoko guztietako tokiko establezimenduen lana, ahalegina eta dedikazioa islatu du. Erakusleihoekin, gainera, gure kaleak animatzen eta bizirik mantentzen jarraitu dute”.
Lehiaketara aurkeztu diren parte hartzaileek lan txukunak egin dituztela azaldu dute antolatzaileek. Sariak ematerako garaian epaimahaiak honako irizpideak eduki ditu kontuan: originaltasuna, muntaia, konplexutasuna, estetika, sormena, erakargarritasun komertziala eta bereizgarriak.
Erakusleihoen lehiaketak 7.000 euro baino gehiago banatu ditu saritan. Honakoak dira sarituak:
- 1. Castroflor loradenda, Basauri.
- 2. Lorak Esther, Ondarroa.
- 3. Iroak umeentzako arropa, Galdakao.
- 4. Kikuke, Bermeo.
- 5. Rock Factory, Barakaldo.
- Sari herrikoia: Lopess ile apaindegia, Portugalete.