Ana Urkiza: "Lanak ez dit beldurrik ematen, lantalde izugarri ona daukat"
Eusko Ikaskuntzaren agintaritza hartu zuen ondarrutarrak duela ia lau hilabete. Erabakien gunean egoteko asmoagaz sartu zen kontseilu errektorean, eta orain lantaldea gidatzeko ardura hartu du.
Eusko Ikaskuntzan lehendakari kargua hartu duen zortzigarren kidea zara.
Duela urtebete idazkari nagusi izateko proposamena egin zidaten, eta kontseilu errektorean oso gustura egon naiz. Nire gogoa kontseilu errektorean egotea zen, erabakien gunean egoteko eta nire ekarpenak gune horretan egiteko. Egia esateko, lehendakaritza ez neukan buruan, eta proposamena egin zidatenean hotzean harrapatu ninduten; ez nuen espero. Denbora bat behar izan nuen pentsatzeko. Lantaldea ikusita eta erakundea nola dagoen, zertzuk helburu dituen, zer etorkizun daukan ikusita, baietza eman nuen.
Orain, beraz, gehiago eragiteko aukera daukazu.
Eragiteko era ezberdinak dira. Aurretik ere banegoen eragiten, baina beste modu batean. Ez da jauzi handia, baina orain lantaldeko beste bat izan beharrean, lantalde hori gidatzen duen pertsona izatera pasa naiz.
Eusko Ikaskuntzan eragiten urte batzuk daramatzu. Zelan hasi zen harremana?
Bankoan egiten dut lana, eta Eusko Ikaskuntzan banketxearen ordezkaria izateko eskatu zidaten. Hala hasi nintzen duela hamabi urte Eusko Ikaskuntzara eta bertako bilerata joaten eta jarraipena egiten. 2015ean egin zen kongresuan bost ardatz landu ziren. Horietako bat euskara zen, eta ardatz horretako lantalde eragileko batzorde zientifikoan egoteko deitu zidaten; hiru urte egin nituen han. Kongresua OƱatin egin zen, eta sekula egin didatenik-eta oparirik handiena ere egin zidaten. Irakurri zen adierazpena neure hitzetan jaso zen, eta mendeurreneko kongresu hartako itxiera jardunaldiari hitzak jartzea zoragarria izan zen.
“Ez dut sekula pentsa emakume naizelako gauzak desberdin egin behar ditudanik”
Horrenbeste erantzukizun pilatzen joateak ez du ematen halako bertigo puntu bat?
Lan handia da, baina lanak ez dit beldurrik ematen, lantalde izugarri ona daukat. Eusko Ikaskuntzak 2.100 bazkide ditu gaur egun. Kontseilu errektorea ere lanerako motibazioz jantzita dago, eta bazkideak ere lan egiteko gogo handiagaz daude. Lanerako humus ona dela esango nuke, eta horrek beldurrak uxatzen ditu.
Ia lau hilabete igaro dira kargua hartu zenuenetik. Zelan aldatu zaizu bizitza?
Nire lana orain harremanak eragitea da. Alde batetik, kontseilu errektore taldea bera lanean jarri eta bakoitzaren jarraipena egin behar da, lurraldetasun ikuspegia ondo zehaztuta eta helburu horregaz. Bestetik, instituzio publikoekiko harremanak ere badaude; kargua hartu nuenean zeregin horregaz hasi nintzen. Azken ia lau hilabeteotan erakunde publikoetara joan, eta nire buruaz gain programa berriaren aurkezpena egiten ibili naiz. Herrigintzarako aliantzak egitea ere ezinbestekoa da. Lehentasunezko gaitzat hartuta, irailetik aliantzen proiektu bat kontseilu errektoretik ondu da. Harremanetan jarri eta lanerako indarrak batzen aritzea izango da 2021ean lehenbiziko lana.
Erakundeko lehen emakumezko lehendakaria zara. Zuretzako zer garrantzia du horrek?
Nik ulertzen dut gaia albiste dela kazetaritza eta ikuspegi soziologiko batetik, izan ere, orain arte Eusko Ikaskuntzan lehendakari modura sekula ez da emakumezkorik egon. Nik, ostera, ez dut sekula pentsa emakume naizelako gauzak desberdin egin behar ditudanik edo desberdin ikusi behar direnik. Ibilbide profesional bat duen pertsona bat naiz, ekarpenak egiteko gaitasun bategaz, eta pertsonak horregatik baloratuak izan behar gara, eta horregatik heldu behar gara tokietara, ez gizonezko edo emakumezko garelako.
Zer erronka daukazue orain esku artean?
Mendeurren kongresuan aurkeztu zen Liburu Zurian ehunka lan lerro daude. Denak batera ezin dira landu, eta horregatik oso garrantzitsua da jakitea benetan hurrengo lau urteetan zeintzuk gai izango diren lehenetsiko ditugunak, bide horretatik ere ez aldentzeko. Lau lerro nagusi aukeratu ditugu.
“Etorkizunak ez du ulertzen momentu honetan krisi baten aurrean gaudenik”
Zeintzuk?
Agenda propioari dagokionez, zertzuk gai landuko ditugun edo zer nolako ikerketak edo azterketak bultzatuko ditugun jakitea garrantzitsua da. Hor lehendabiziko bi proiektuak aztertzen hasita gaude. Alde batetik, Euskaltasuna etorkizunean nola ulertuko dugun edo zeri deituko diogun daukagu eta, bestetik, euroeskualdearen garapena. Bi gai horiekin hasi gara, nahiz eta aurretik beste hainbat proiektu ere erdi-erdian eduki. Batzuk bukatzen diren heinean berriak abian jartzen joango gara.
Zein da bigarren lerro estrategikoa?
Guk egiten ditugun egitasmoen kudeaketa prozesua ondu behar da. Eusko Ikaskuntza orain arte batez ere ikerketa fasean izan da ona. Baina gaur egunean ikerketa fase hori bezain garrantzitsuak diren beste hiru fase gehitu behar zaizkio: behaketa, esperimentazio fasea eta gizarteratzea edota ahalduntzea.
Zer esan zenezake hirugarren lan lerroari buruz?
Hirugarren lan lerroan harreman sarea zabaldu nahi dugu. Behaketa faserako, ikerketarako eta, batez ere, esperimentaziorako behar dena da lankidetzan aritzea. Aztertuko den edo jorratuko den gai horri buruz dakitenen artean lankidetzan aritzea garrantzitsua da, daukagun kapital guztia aprobetxatzeko eta gero abiatzea datorrenean errazago edo egingarriagoa egiteko.
Zein da azken lan lerroa?
Eusko Ikaskuntza Euskal Herriko lurralde guztietan dago presente, ez bakarrik kontseilukideen artean lurralde guztietako ordezkaritzak daudelako, baizik eta egiten diren proiektuak probintzia guztietara eramangarriak eta eskalagarriak direlako. Lurraldetasun ikuspegi hori landu izan dugu orain arte ere, baina areagotu egin behar dugu herri ikuspegi hori emateko eta lurralde ezberdinen arteko oreka lortzeko.
Osasun krisiak krisi ekonomikoa ere ekarri du. Horrek erakundean eraginik izan al du?
Diru laguntzetan eragina egon daitekeela uste dut. Baina eragin horrek baino beharbada gehiago kezkatu gaitu erakundeen artetik proiektu berriei aurre egiteko momentua ez dela sentitzea. Momentu honetan badakigu lehentasunak non dauden, baina egia da etorkizunera begira Eusko Ikaskuntzaren ikuspegitik ezin dugula egoera hobetu arte egon. Gure helburua herri modura etorkizunerako prestatzea da, eta horrekin jarraituko dugu bai edo bai. Etorkizuna ate joka dago, eta etorkizunak ez du ulertzen momentu honetan krisi baten aurrean gaudenik. Penagarria izango litzateke krisiagatik parentesi bat egin behar izatea orain, lehentasunak ezagutzen ditugun gaietan daudelako zentratuta.