Oruemazagaren artxiboaren zertzelada bat ezagutzera eman du Ondarroako urtekariak
Pandemia egoera dela eta, bi urteko urtekariak batera kaleratu ditu Ondarroako Historia Zaleak elkarteak. Argitalpena salgai dago herriko prentsa salmenta lekuetan, liburu dendetan eta turismo bulegoan.
Ondarroako Historia Zaleak elkartearen eskutik eta Ondarroako Udalaren babesagaz, Ondarroa 2019-2020 urtekaria kalean dago. Urtero legez, hainbat gai eta argazki jaso dituzte urtekarian. Tartean, Imanol Oruemazaga Baseta OHZko kidearen artxiboko argazki gutxi batzuk ezagutzera eman dituzte. Oruemazagak sekulako artxibo historikoa osatu zuen bizi zen artean, eta orain zertzelada bat estreinako ezagutzera eman dute. “Altxor handi bat utzi zigun Imanolek. Eta hurrengo urteetan ere joango gara altxor hori argitaratzen”.
Herriko gertakari kultural nagusiak jasotzen dituen Ondarroa, Euskal kulturaren kabia atalean ere gogoan izan dute 2017an zendutako OHZko kidea. 2019ko apirilean Andra Mari elizan egindako omenaldiari buruzko erreportajea ere jaso dute. Atal berean, Gaztetxe zaharreko kontzertuetan Josu Odriozolak egindako argazkiak eta Francois-Maurice Roganeauk Ondarroari buruz egindako hiru marrazki ere eman dituzte ezagutara.
Herriko ondare artistikoari ere errepasoa egin diote, Ondarroako kanpaiei buruzko erreportaje zabalagaz. Urtero portuko jarduerei buruzko artikulo bat ere jasotzen dute urtekarian, eta aurten tunidoekin portuetan zelan lan egiten den jaso dute. Betiko legez, gainera, herriko baserrietako historia ere agertzen da. Aurten Buenos Aires baserriko Jose Mari Azpirigaz kontu kontari aritu dira.
Irakurleak urtekarian urtero agertzen diren beste hainbat atal ere aurkituko ditu. Besteak beste, orain 100 urte jaiotako jendearen zerrenda edo argazki zaharrekin osatutako otzara. Hori eta askoz gehiago jaso dituzte OHZko kideek 160 orrialdetan. Denetara, 700 ale daude saltzen herriko prentsa salmenta puntuetan, liburu dendetan eta turismo bulegoan. 6 euroren truke, honako tokietan erosi ahal izango da argitalpen berria: Garoan, Idiakezen, Kuriken, turismo bulegoan eta Zurrumurrun.
Pandemia egoera dela eta, bi urteko urtekariak batera kaleratu dituzte. “Urtekari hau egiteko oztopoak izan ditugu: artxiboak itxita egon dira eta ezin izan dugu jendeagaz batu. Berriro martxan hasi orduko, 2020 urtea ere amaitu zaigu. Horregatik, auren 2019 eta 2020ko urtekariak batera ateratzea erabaki dugu. Urte berezia izan da eta erabaki berezi hau hartu behar izan dugu”. Herriko talde kulturalak gogorarazi duenez, laguntzaile eta kolaboratzaileentzako ateak zabalik dituzte.