COVID-19aren aurkako txertoak jartzen hasi dira Ondarroako egoitzan ere
Goizeko txandan lanean ari ziren langileak eta egoiliarrak Pfizer konpainiak ekoitzitako txertoagaz txertatu dituzte. Zehaztu dutenez, guztira 63 txertaketa egin dituzte Artibai egoitzan. Bestalde, Mutrikuko Mikel Deuna egoitzako langile eta egoiliarrei hilaren 25ean ipiniko diete bigarren eta azken txertoa.
Ondarroako Artibai udal egoitzan gaur [urtarrilak 19] goizean hasi dira COVID-19aren aurkako txertoaren lehen dosiak jartzen. Beste egoitzetan baino beranduago hasi dira Ondarroan, izan ere, joan den astera arte positibo kasuak eduki dituzte.
Zehazki, goizeko txandan lanean zeuden langileak eta egoiliarrak dira txertoa jaso dutenak; Pfizer konpainiak ekoitzitako txertoa ipini diete. Guztira 63 lagun txertatu dituzte. “Gainontzeko langileek modu mailakatuan jasoko dute txertoaren lehen dosia, denek batera jaso ez dezaten”. Txertoa hartzeko falta diren langileak Galdakao Usansoloko ospitalean txertatuko dituzte, urtarrilaren 26an eta otsailaren 2an.
Ondarroako txertaketa gorabeherarik barik egin dela esan dute. “Pozik geratu dira langile zein egoiliarrak. Goizeko txandan zeuden langile guztiek jaso dute txertoa: zuzendariak, medikuak, erazain eta erizain laguntzaileek, garbitasunekoek, sukaldariak, mantenimendukoak, animatzaileek… Txertoaren bigarren dosia hiru aste barru jasoko dute”.
Mutrikuko, Markina-Xemeingo, Lekeitioko eta Munitibarko egoitzetan, ostera, arinago hasi zuten txertaketa kanpaina. Mutrikuko Mikel Deuna egoitzako egoiliarrak eta langileak Lea-Artibai eta Mutriku mailan txertoa jaso zuten lehenengoak izan ziren; urtarrilaren 4an ipini zieten. Hala, hilaren 25ean jasoko dute bigarren dosia.