Urkulluk 20:00etara aurreratu nahi du etxeratze ordua, eta bilerak lau lagunera mugatu
Eusko Jaurlaritzak Lurralde arteko Osasun Kontseilura eramango duen proposamena aurreratu du lehendakariak, Ser irratian. Ziurtatu du egoera «oso larria» dela eta «okerrera» egingo duela, baina etxeko itxialdia saihesteko «alternatibak» egon badaudela.
Aste honetan bertan jakinarazi ditu azken erabakiak Labik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID-19aren izurria kontrolatzeko prebentzio neurriak ebazten dituen batzordeak, baina horiek gogortzea aztertzen ari da Eusko Jaurlaritza. Iñigo Urkullu lehendakariak Ser irratian aurreratu duenez, Jaurlaritzaren asmoa da etxeratze ordua 20:00etara aurreratzea eta talde bilerak lau lagunetara mugatzea, eta proposamen hori bera eramango du aste honetan Madrilen egingo den Lurralde Arteko Osasun Kontseilura.
Lehendakariak uste du egungo egoera epidemiologikoa «oso larria» dela eta «okerrera» egingo duela Eguberrien efektuarengatik. Hala ere, beste itxialdi bat saihestu behar dela esan du, eta horretarako «alternatibak» badaudela gaineratu: horien artean leudeke etxeratze ordua 20:00etara aurreratzea eta gehienez lau laguneko bilkurak baimentzea. Neurri oro erkidego guztien artean adostu behar dela gaineratu du lehendakariak.