Zaintza eta gizarte zerbitzuetan greba deitu dute sindikatuek
LAB, ELA, CCOO eta UGTek hilaren 26rako lanuzterako deia egin dute. LABek grebarako deia egin, eta zaintza eta gizarte zerbitzuak publiko izatea eskatzen du.
Urtarrilaren 26a eta martxoaren 4a greba egunak izango dira zaintza eta gizarte zerbitzuetan. ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk greba egiteko deia egin diete Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileei.
“Pandemia honek agerian utzi du aurretik salatzen genuen egoera bat: zaintza eta gizarte zerbitzuei behar besteko baliabiderik ez zaizkiela eskaintzen”, azaldu du Andrea Aiape Arbe LAB sindikatuko kideak. Hori horrela, “bizitzak sostengatzeko” eta “bizitza bizigarriak” edukitzeko administrazioari ekarpenak egiteko deia egin dio, hori egitea “ezinbestekoa” dela esanda. “Ez dira behar besteko baliabideak eskaintzen zaintza eta gizarte zerbitzuetan. Aurrekontuak ez dira nahikoa gizarte honek behar duen zaintza bermatzeko. Zaintza lan horiek eremu pribatura bideratzen dira, edota emakumeok gure gain hartzen ditugu, ez dagoelako benetan zaintza hori bermatuko duen sistema publikorik”.
Etxez etxeko langileek edota nagusien egoitzetakoak bizi duten egoera ez dela “jasangarria” diote LAB sindikatukoek. Hala, “kalitatezko bizitzak” bultzatzeko hori bermatuko duen zerbitzu publikoa bermatu behar dela diote: “Kalitatez bizi nahi baldin badugu, bizi hori bermatzen duen sistema bat behar dugu; hau da, kalitatezko zerbitzu hori herritarrentzako eta langileentzako ziurtatzen duen zerbitzua”.
Eskaerak. LABek grebarako deia egin, eta zaintza eta gizarte zerbitzuak publiko izatea eskatzen du: “Gaur egun pribatizatuta dauden egoitza eta zerbitzu asko daude eta hori ez da jasangarria. Ezin da etekina lortzea helburu duten enpresa eta negozioen esku utzi pertsonen zaintza”. Zaintza bermatzeko sistema publiko “indartsu” bat behar dela diote.
“Lea-Artibai eta Busturialdean kudeaketa publikoko eta pribatuko adinekoen egoitzak ditugu eta kudeaketa publikoko egoitzetan –Bermeon eta Ondarroan– askoz ere egoera hobeagoa da, bai langileen baldintzei erreparatuta zein egoiliarrei begiratuta”, azaldu dute LABeko kideek.
“Ezin da etekina lortzea helburu duten enpresen esku utzi pertsonen zaintza”
Eta horretarako “ezinbestekoa” dela aurrekontuak bermatzea diote: “Ezin da izan inork eskatu ez dituen makroproiektuetan dirua inbertitzea eta pertsonentzako ezinbestekoa den zaintzak aurrekontuak mugatuak izatea”. Hori esanda, zainketa zerbitzuan “euskal sistema publiko bat” aldarrikatu dute: “Euskal Herrian gure sistema propio bat behar dugu, publikoa eta pertsonak erdigunean jarriko dituena”.
Diotenez, kalitatezko zerbitzu bat bermatzeko ezinbestekoa da sarbideak eskaintzea: “Pertsona guztiei erraztu behar zaie gizarte zerbitzuen sistemarako sarbidea, bai eta zerbitzu gisa prestazioak bermatzea ere”. Sindikatu abertzaleko kideek, gainera, autonomia pertsonala sustatzeko ereduak martxan jarri gura dituzte: “Gaur egungo eredua oso laguntzazko eredua da; hau da, pertsonei laguntza ematen zaie. Baina guk defendatzen dugun ereduan pertsonen autonomia sustatu gura dugu, uste baitugu autonomia sustatzea bultzatuta askoz ere kalitate handiagoagaz bizi ahalko ginatekeela. Horretarako, aldaketak eman behar dira.
Langileen ratioak handitzeko eskatu dute, “egoiliarrei behar besteko denbora eskaini ahal izateko”
Eredu publiko hori sustatzeko erabiltzaileen eta langileen parte hartzea “ezinbestekoa” dela deritze. Izan ere, salatu dute gaur egungo erabakiak langileen inolako parte hartzerik barik hartzen direla. “Behar dugu eredu bat, non erabiltzaileek eurek eta langileek parte hartuko duten”.
Halaber, langileen ratioak handitzeko eskatu dute, “egoiliarrei behar besteko denbora eskaini ahal izateko”. Langileen lan baldintzek nabarmen hobetu behar direla diote. “Ratioak handitu behar dira, langileen osasuna babestu behar da. Momentu honetan egoitza askotan badakigu zelan ari diren lanean, langile bakoitzak zenbat egoiliar dauzkan eta zenbat denbora horiek artatzeko. Presio handia dute”, azaldu dute LABekoek.
Eskaera guzti horiek aurrera eramateko, baina, gizarte zerbitzuak arautu behar dira: “Badaude dekretu batzuk baina egia da arlo batzuk oso gutxi araututa daudela, gehienbat esku hartze sozialeko zerbitzuei dagokienak. Ezinbestekoa da araudian erregulazio zorrotzago bat adostea”.
“Kalitatez bizi gura badugu, bizi hori bermatzen duen sistema behar dugu”
Lana aitortu. Grebaren helburua zaintza eta gizarte zerbitzuetako egoera plazaratzea da, aldarrikapenak kalera ateratzea alegia: “Greba hau bide horretan beste pauso bat emateko izango da. Beste pauso bat langileak antolatzeko, beste pauso bat aldarrikapenak kalera ateratzeko eta beste pauso bat etorkizunean eraiki behar ditugun sare eta borrokak martxan jartzeko”.
Izan ere, zaintza lana “nahiko ikusezina” dela dio Aiapek, ez baita agerian dagoena. “Beti da etxe barruan egon den lana, emakumeek egin izan dutena. Ez da baloratua izan gizartean. Horrek eragin du oso feminizatua den sektorea izatea, bai eta oso prekarioa ere”. Sektorean ez dela inbertitu dio, zaintzari behar besteko garrantziarik eman ez zaiolako: “Azkenaldian, baina, mugimendu feministatik eta pentsiodunen aldarrikapenekin lan hori bistaratu da, agerian utzi dute funtsezko zerbitzua dela. Eta pandemiak zer esanik ez”. Hori horrela, behar besteko baliabideak eskaintzeko ahalegina eskatu diote LABekoek administrazioari.
Sindikatuetako ordezkariek badakite grebaren jarraipena egitea zaila izango dela: “Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak %100ekoak ezarriko ditu eta zaila izango da greba egitea. Hala ere, horrek ez du esan nahi greba egiteko arrazoirik ez dagoenik. Agerian geratu behar da zein baldintzetan dauden lanean beharginak eta sistema honi buelta bat ematea eta beste eredu bat sortzea ezinbestekoa dela”.