Aizarnazabalgo hilketa salatu dute Lea-Artibai eta Mutrikuko herritarrek
Indarkeria matxistarekin behin betiko amaitzeko ordua dela eskatu dute tokian tokiko elkarretaratzeetan.
Emakumeen Mundu Martxak deituta, hainbat mobilizazio egin dira egunotan Euskal Herrian Aintzane Pujana donostiarraren hilketa salatzeko. Mutriku eta Lea-Artibaiko zenbait herritar ere kalera atera dira, eta indarkeria matxistarekin behin betiko amaitzeko ordua dela eskatu dute tokian tokiko elkarretaratzeetan.
Mutrikun, Ondarroan eta Aulestin, bariku [urtarrilak 22] iluntzean batu ziren herritarrak. Mutrikun, Eraso sexistarik ez! Ekin autodefentsa feministari lelopean egin zuten protesta Goiko Plazan. Ondarroako Alamedan dozenaka herritar batu ziren Emakumeen kontrako indarkeria gehiagorik ezĀ lelopean egindako elkarretaratzean. “Guk ez dugu emakumeenganako indarkeriarik onartuko! Indarkeria matxistarik ez, ez Ondarroan ez inon!” esan zuten. Aulestiko plazan, ostera, Erailketa matxistarik ez! Aski da! Aintzane Pujana matxismoak erailda lelopean batu ziren.
Markina-Xemeinen eta Lekeition ere “gogor” gaitzetsi zuten hilketa matxista. Bi herri horietan zapatuan [urtarrilak 23] egin zituzten gertakaria salatzeko mobilizazioak. Markina-Xemeinen udaletxe aurrean parte batu ziren. Udalak ere bere gaitzespenik irmoena adierazi du erailketa horren aurrean. Lekeition Potxuak Martxan taldeak deituta Eskolapean egin zuten mobilizazioa. Herritarrak Indarkeria matxistari altxa ahotsa leloa zeraman pankartaren atzean batu ziren. Etxebarrian, ostera, domekan [urtarrilak 24] egin zuten protesta. Erasorik ez erantzunik barik! lelopean batu ziren herritarrak, udaletxe aurrean.