Bideak moztu dituzte Ondarroan, gazteen kriminalizazioaren aurka
Egileek nabarmendu dutenez, Donostiako gazteei elkartasuna adierazteko "keinu bat" izan da ekimena.
Domeka [urtarrilak 24] eguerdian herriko gazteek Ondarroako hainbat bide moztu zituzten, “azkenaldian Euskal Herri osoan gazteak kriminalizatzeko zabaldu den joeraren aurka protesta egiteko”. Besteak beste, Itsasaurre Zubia eta Zubi Barriaren ingururuetan Gaztion kontrako kriminalizaziorik ez! Errepresiorik ez! leloa zeramaten pankartak eskegi zituzten bidea ixteko.
Egileek nabarmendu dutenez, Donostiako gazteei elkartasuna adierazteko “keinu bat” izan da ekimena. “Komunikabide batzuk buru belarri ari dira gazteen aurkako kanpaina mediatikoa burutzen eta euren aurkako kriminalizazioa elikatzen. Ikusi besterik ez dago sansebastianen bueltan Donostian gertatutakoak; osasun egoeraren aitzakiagaz alde zaharra okupatu zuten poliziek, atxiloketak, zaurituak… Honen aurrean Ondarroatik ere elkartasuna adierazi eta erasoen aurrean erantzuteko prest gaudela laga nahi izan dugu argi eta garbi”.