Ondarroan egingo dute 2023ko Ibilaldia
Zubi Zahar Herri Ikastolak abenduaren 21ean aurkeztu zuen hautagaitza, eta gaur jakin du 2023ko ikastolen jaia eurek antolatuko dutela eta Ondarroan egingo dela. Hirugarrenez ospatuko da ikastolen aldeko jaia Ondarroan.
2023tik 2028ra arteko Ibilaldia jaiak Bizkaiko zein ikastolei esleitu dizkieten jakitera eman du gaur [urtarrilak 26] Ikastolen Elkarteak. Hala, 2023 urteko jaia antolatzeko erantzukizuna Ondarroako Zubi Zahar herri ikastolari dagokiola esan dute. Beraz, bi urte barru, Ondarroan egingo da Ibilaldia. Zubi Zahar Herri Ikastolakoek ondokoa esan dute albistea jakin orduko: “Gaur jakin dugu Bizkaiko Ikastolek bozkaketa egin ondoren 2023an guk antolatuko dugula Ibilaldia. Eskerrik asko guri botua eman diguten ikastola guzti-guztiei, eta Gora Zubi Zahar herri ikastola!”
Bilboko Abusu ikastoaren lekukoa hartuta, Zubi Zahar herri ikastolak hirugarren bidar antolatuko du jaia. Ibilaldia jaia 1993an egin zen estreinako Ondarroan, maiatzaren 23an. Eta 2011n Boga! leloagaz egin zen jaialdia, maiatzaren 28an. Azken horrek 100.000 lagun inguru batu zituen Ondarroan.
HITZAk jakin ahal izan duenearen arabera, Ondarroako ikastolak abenduaren 21ean aurkeztu zuen hautagaitza. Bizkaiko Lurralde Batzarrak astelehenean [urtarrilak 25] egin zuen bileran esleitu zituen jaiak (2023tik 2028ra artekoak). “Hurrengo sei jaiak non ospatuko diren eta zein ikastolek antolatuko dituzten erabaki zen bertan”.
Honako ikastolek antolatuko dituzte datozen sei urteetarako hitzorduak:
- 2023. Zubi Zahar ikastolak, Ondarroan.
- 2024. San Nikolas ikastolak, Getxon.
- 2025. Eguzkibegi ikastolak, Galdakaon.
- 2026. KirikiƱo ikastolak, Bilbon.
- 2027. Bihotz Gaztea ikastolan, Santurtzin.
- 2028. Harrobia ikastolak, Bilbon.
Ikastolen elkarteak azaldu duenez, “etorkizuneko jaietan pentsatuta” hartu dute erabakia. “Bizi dugun osasun larrialdi egoerak ez ditu ikastolen itxaropenak zapuztu. Berriro ere gure jaietan elkartu, besarkatu, ongi pasatu eta pandemiaren aurreko normaltasunean gure jaiez gozatzeko esperantzak bizi-bizirik dirau. Aurten nekez itzuliko gara egoera horretara, baina egoerara moldaturiko jaiak prestatzen dihardugu, eta etorkizunekoak pentsatzen ere bai”.