Ospitaleetako presioa aurreko olatuan baino azkarrago ari dela handitzen dio Jaurlaritzak
Egoera "larria eta kezkagarria" dela esan du Gotzone Sagardui sailburuak. Galdakao-Usansolo, Basurtu eta Txagorritxu ospitaleetako zenbait ebakuntza bertan behera laga behar izan dituzte.
Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian bilakaera epidemiologikoaz aritu da Gotzone Sagardui Osasun sailburua. Ospitaleen gaineko presioaz kezkatuta agertu da. “Egoera larria eta kezkagarria da. Bilakaera epidemiologikoa neurtzeko erabiltzen ditugun adierazle guztiak gora egiten jarraitzen dute”. Esan duenez, aurreko olatuan baino azkarrago ari da handitzen ospitaleetako presioa, eta datozen egunetan solairuetako eta ZIUetako presioak goraka jarraitzea espero dela gaineratu du. Horren aurrean, Galdakao-Usansolo, Basurtu eta Txagorritxu ospitaleetako zenbait ebakuntza bertan behera laga behar izan dituztela azaldu du.
Erresuma Batuko koronabirus aldaera berriaren kasuak gehitzen ari direla ere esan du; 24 kasu atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hedapena oraingoz handia ez bada ere, ondorengo egunetan eragina “pixkanaka handitzea” espero dute, “gertuko beste leku batzuetan eta Europako herrialde askotan gertatzen ari den modura”.
Txertaketa protokoloa hautsi eta tokatzen ez zitzaienean txertoa hartu dutenei buruz, Urkulluk esan du “pena, tristura eta amorrua” sortzen dizkiotela horrelako jokabideek, eta ez dela garaia “interes pertsonalak” lehenesteko
Agerraldi berean, Santa Marina eta Basurtuko ospitaleetako zuzendari ohiek protokoloa hautsi eta COVID-19aren aurkako txertoa jaso izanak sortutako zurrunbiloaz mintzatu da lehendakaria, eta adierazi du “pena, tristura eta amorrua” sortzen dizkiotela horrelako jokabideek, eta ez dela garaia “interes pertsonalak” lehenesteko. Hala, protokoloak zehazten duena betetzea exijitu du, eta hitzeman du ahalik eta “zorroztasun” eta “gardentasun” handienarekin kudeatuko dituela txertaketarekin gertatutako guztia.
Euskal Turismoari Eusteko 2021eko Laguntza Programa arautzen duen agindua ere aurkeztu dute. Turismoaren sektorea babesteko planak 21 milioi euro bideratuko ditu zuzeneko laguntzetara eta sustapen ekintzetara. Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak esan duenez, ia 18 milioi euro bideratuko dituzte zuzeneko laguntzetara, eta beste 3 milioi euro sektorea sustatu eta dinamizatzeko.
Laguntzak euskal turismoaren sektore osoari, langile autonomoei, mikroenpresei eta enpresa txiki eta ertainei zuzenduta daude. EHAAn (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria) argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera eskatu ahal izango dira; 15 egun balioduneko epea egongo da laguntzak eskatzeko.