Dimititu egin dute Debabarrenako ESIko zuzendaritzako bi kidek, txertoen auziaren harira
Mendaroko ospitaleko zuzendaritzako bi kidek txertoak jartzeko ezarritako irizpideak hautsi eta txertoa hartu zuten horiek ere.
Beste bi dimisio egon dira Osakidetzan txertaketa irregularrekin lotuta, Vocento taldeko hedabideek jakitera eman dutenez. Adierazi dute orain Debabarrenako ESI (Mendaroko ospitalea) Erakunde Sanitario Integratuko zuzendaritzako bi kidek dimisioa eman dutela, txertoak jartzeko ezarritako irizpideak hautsi, eta txertoa hartu zutelako horiek ere.
Atzo Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean azalpenak eman behar izan zituen Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik txertaketa programaren harira sortu diren berriak hizpide hartuta. Onartu zuen «deskoordinazio» egon dela Santa Marina erietxean, eta horregatik egin zutela han txertaketa era desegokian; langile guztiak batera txertatu zituzten, eta zuzendaritzako kideak ere bai.«Akats» horietan ardura baduela onartu zuen, baina arazoak on bidean jarrita daudela adierazi zuen.
Jakina da Basurtuko erietxean ere txertaketak egin direla ezarritako irizpideez kanpo, eta horien ardura hango zuzendariarena argudiatu zuen. Hain justu, kargua utzita dago ja. Onartu zuen beste ESI batzuetan ere zuzendaritzatako kideei jarri zaizkiela txertoak, tartean Debabarrenan, baina horiek ondo jarritako txertoak direla esan zuen, langile horiek badutelako hartu-eman zuzena pazienteekin.
Gaur goizean, Eusko Jaurlaritzako buruzagiek, eta baita Eusko Alderdi Jeltzale EAJkoek ere adierazpenak egin dituzte Sagarduiri babesa erakusteko eta ondo ari dela azaltzeko.