Gaikako bilketak %55eko muga gainditu du Debabarrenan
2019arekin alderatuta, gaikako bilketaren tasa %1,24 hazi da eskualdean. Mankomunitateko lehendakaria pozik agertu da hondakinen kudeaketari buruzko iazko jarduerek lagatako emaitzekin.
Debabarrena eskualdeak %55,26ko urteko gaikako bilketa tasa lortu du 2020an. 2019arekin alderatuta, gaikako bilketaren tasa %1,24 hazi dela esan du Debabarrena Mankomuniteak. Sortutako hondakin kopuruaren igoera txikia izan dela kontuan hartuta (32 tona), aurreko urtean baino 403 tona gehiago batu dira gaika.
Iosu Arraiz Mankomunitateko lehendakaria pozik agertu da hondakinen kudeaketari buruzko iazko jarduerek lagatako emaitzekin. “Debabarrena osatzen duten guztien emaitza da, eta zentzu horretan esker hitzak ditut eskualdeko herritar guztientzat. Ondo goaz, baina ezin gara erlaxatu. 2030erako %70eko birziklapen tasa lortzea ezarri dugu estrategia eran, eta bide horretan atzerapausurik eman gabe jarraitu behar dugu, elkarlanean. Guztion ardura da gure lurra zaindu eta jasangarriak izatea”.
Errefusa kopuruan lortutako hondakin murrizketak ere aipamen berezia merezi duela esan dute. Mankomunitateak urrian aurkeztutako plan estrategikoaren helburua edukiontzi grisean jasotzen den kopurua 522 tona murriztea da. Eta, urte erdian, kopuru hori 371 tonatan murriztea lortu dela jakitera eman dute.
Abenduko datuak ere azpimarragarriak direla esan dute. Hondakinen gaikako bilketa %58,61era heldu da abenduan; 2019ko abenduarekin alderatuta, 3 puntu igo da. Edukiontzi marroietan jasotako biohondakinen hazkundea ere aintzakotzat hartu behar dela diote. 434 tona biohondakin jaso zituzten, eskualdean inoiz jaso den kopururik handiena. Gainerako hondakinei dagokienez, 300 tona paper eta kartoi, 149 tona ontzi arin eta 164 tona beira batu zituzten abenduan.
2021erako erronkak. Helburu nagusia 2020an lortutako dinamika onari jarraipena ematea dela iragarri dute. Saltoki handietan, elkarte gastronomikoetan eta arrandegietan hondakinen sorrera murriztearekin lotutako kanpainak egiteko asmoa agertu dute. Industrialdeetan film industrialen bilketa egitearen bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa ere baloratuko dute.