Hainbat hobekuntza egin dituzte Arrigorri hondartzako eraikinean
Instalazio elektrikoa berriztu dute, eta eraikinak daukan altuera guztia aprobetxatze aldera, solairuarte bat sortu dute. Lanak datorren astean amaitzea espero du udalak.
Eraikinak eskaintzen duen espazioa ahalik eta ondoen aprobetxatzeko nahiagaz, hainbat hobekuntza egin dituzte Ondarroako Arrigorri hondartzako eraikinean. Lanak azaroan hasi zituzten, eta laster amaitzea espero du udalak. “Asmoa datorren asterako dena prest edukitzea da”. 37.000 euroko inbertsioa egin du udalak.
Instalazio elektriko osoa berriztu dute, eta eraikinak daukan altuera guztia aprobetxatze aldera, 35 metro koadroko solairuarte bat sortu dute biltegiaren gainean. Espazio berri hori ere biltegi modura erabili ahal izango dela esan dute. Udalak kudeatzen duen tabernan ere bestelako hobekuntzak egin dituzte. Tabernako trenkada bat bota dute sukaldea zabaltzeko, eta barra eta sukalde gainean ere sabaia eraiki dute. “Solairuartea eta sabaiak egitea nahikoa lan konplikatua izan da. Berez hutsik zeuden espazioak ziren, eta hutsetik sortu behar izan dira”.