Itziar Lete: "Gure helburu nagusia da pilota egoera hobeagora eramatea"
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren agintaritza hartu zuen mutrikuarrak duela hilabete. Eskola pilota berrindartzeko plan estrategiko bat aurrera atera nahiko luke.
Zer dela eta erabaki zenuen Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioan sartzea?
Zesta-puntarekin lotura estua izan dut beti. Laguntza gehiago behar zuela iruditzen zitzaidan, eta horrek motibatuta sartu nintzen federazioan.
Zelan ailegatu zinen orain zortzi urte zuzendaritza taldera?
Patxi Jauregi sasoi hartan presidente zenak emakumeek ere federazioan lekua hartzen hastea komeni zela esan zigun Juana Mari Astigarragari eta biori. Parte hartzera animatu, eta oraindik ere hor jarraitzen dut.
Nolakoa izan da orain arteko esperientzia?
Denetarik eduki dugu. Horrelako leku batean zaudenean kritika asko jasotzen dituzu. Hartzen duzun erabakia hartzen duzula edo antolatzen duzun gauza antolatzen duzula, norbere gain egoten da erantzukizun guztia. Gauzak ahal diren eta zuzenen egiten saiatzen zara, eta gauzak zuzen eramateko orduan ezin da denen gustuko erabakirik hartu, oso zaila da. Proiektu asko atera ditugu aurrera lanean egon garen tartean. Maila horretan lan handia egin dugu. Besteak beste, txapelketen araudiak aldatu, egutegiak moldatu dira eta txapelketa berriak sortu dira. Bestelako arazoak ere eduki ditugu federazioan.
Zer motatakoak?
Arazo ekonomiko handia eduki dugu. Kutxabankek diru laguntza oso garrantzitsua ematen zigun, eta kendu egin ziguten bat-batean. Berriro Gipuzkoako federazioaren babesle egiteko ahaleginduko gara. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere diru laguntzak murriztu zituen, eta horren eraginez urte zailak igaro ditugu. Proiektu asko hasita zeuden, eta diru laguntza horiek gabe geratu ginenez, nahikoa zulo geratu zen. Gerokoan, zulo horiek estali nahian ibili behar izan gara. Egoera irauli, eta gaur egun, nahikoa egoera ekonomiko hobeagoan bagaude ere, egoerak okerrera egiteko beldurra dugu beti. Egia esan, babesle gabe proiektuak aurrera eramatea ia ezinezkoa da. Gipuzkoako Federazioaren kasuan, esaterako, babesle pribatuak ere topatzera behartuta gaude. Beti eskatzen ibiltze hori ere oso neketsua da, baina derrigor behar dugu babesle pribatuen laguntza aurrera egiteko.
“Presidente karguan egiten dudan lanaren arabera epaitzea nahiko nuke”
Zer nolako harremana duzue beste federazioekin?
Euskadiko Federazioarekin harremana daukagu, eta Bizkaiko eta Arabako federazioekin ere elkarlanean aritu gara. Baina, gaur egun, pandemia dela eta, gauzak ezin antolatuta eta ezin aurrera eramanda gabiltza. Genituen asmoetako asko airean geratu behar izan dira. Hori bai, jokatzen hasita zeuden Gipuzkoako Txapelketak lehen lagata zeuden unetik hasi dira martxan. Dena ondo joaten bada, eta gainontzeko federazioek ere txapelketak amaitzen badituzte, martxoan Euskal Liga jokatzen hasteko asmoa ere badugu. Ea apirilean GRABNI txapelketa hastea posible den.
Kargu horretan jarduten duen lehen emakumea ere bazara.
Presidente karguan egiten dudan lanaren arabera epaitzea nahiko nuke. Kargu honetan, gizonezkoa ala emakumezkoa izanda ere, berdin egin behar dira gauzak. Pilota munduan gero eta emakume gehiago dago, eta horren guztiorren islada ere banaizela uste dut.
Zer nolako lantaldea duzu?
Aurreko agintalditik lau gelditu dira zuzendaritza batzordean, eta beste lau berriak dira. Pilota modaliteka antolatu gara, ordezkaritza modalitate guztietan edukitzeko. Bakoitzari dagokion modalitatean zer beharrizan dauden aztertzen hasita gaude, esaterako. Dudan lantaldean asko sinesten dut; konfiantza guztia eurengan jarrita daukat. Federazioko teknikariak ere oso profesionalak dira, eta edozein erabakiren aurrean ahalik eta aholkurik onenak ematen dizkidate. Egia esan, oso lasai sentitzen naiz alde horretatik.
“Pilota bultzatzeko garaian elkarteak eta klubak dira oinarria”
Kargua hartu zenuenetik zerri egin diozu kolpe lehenengo?
Hasita zeuden txapelketa asko etenda egon dira COVID-19aren ondorioz, eta gure ahalegin guztia txapelketa horiek berrezartzean ipinita eduki dugu. Horrekin batera, txapelketaren araudi guztia ere osasun egoerara moldatu behar izan dugu, eta horrek nahikoa lan eskatu digu.
Ze gaitan sakondu nahi duzu?
Kirol egokituaren eta emakumearen presentzia pilotan indartzea ere gustatuko litzaidake. Modalitate batzuek ere bultzada handiagoa behar dute, eta horretan ere sakondu nahiko nuke.
Zer erronkari egin nahi diozu aurre?
Kargua ilusioz hartu dut, eta alde horretatik ahal dudanik -eta ekarpen onena egiten saiatuko naiz. Lehendik hasita zeuden proiektuei jarraipena ematen ahaleginduko gara. Federazioaren hurrengo erronka nagusienetarikoa klubak indartzea izango da. Klubekin lana egitea berebizikoa da. Pilota bultzatzeko garaian, azken finean, elkarteak eta klubak dira oinarria; hortxe egiten da lan guztia, eta horixe bultzatu behar dugu. Behar diren egitura teknikoak indartzen, kluben parte hartzea bultzatzen… eragin behar dugu. Elkarteak eta klubak gaur gaurkoz nahikoa aldenduta gaude, eta horregatik elkarlanean gehiago sakontzea beharrezkoa dela iruditzen zait.
Zer proiektu abiaraztea daukazue buruan?
Eskola pilota berrindartzeko egingarria den plan estrategiko bat aurrera ateratzea gustatuko litzaiguke. Gure helburu nagusia da pilota egoera hobeago batera eramatea, baina horretarako ezinbestekoa da erakundeen eta klub guztien inplikazioa. Pilotak derrigorrezko bultzada behar du modalitate guztietan. Baina erakundeen laguntzarik ez badago, ezingo da aurrera egin, eta gure ahalegina ezerezean geratuko da. Erakundeak konturatu behar dira pilota ez dela kirola bakarrik, gure kulturaren parte garrantzitsu bat ere bada.