Tontorramendin gero eta zabor gehiago pilatzen dela salatu dute
Tontorrean zein gora igotzeko bideetan askotariko zaborra pilatzen ari dela salatu dute zenbait mendizalek. Ingurua txukun, garbi eta zainduta mantentzea garrantzitsua dela esan dute.
Tontorramendi eta inguruetan ibiltzen diren zenbait mendizale kezkatuta agertu dira. Tontorrean zein gora igotzeko bideetan azkenaldian gero eta zabor gehiago pilatzen ari dela salatu dute. “Zabor kopurua handitu egin dela nabaria da. Plastikoak, latak, botilak, tabako paketeak… gero eta ugariagoak dira. Horiez gain, biodegradagarriak diren aitzakiagaz, ‘biodesatseginak’ diren hondakin organiko ugari ere gehitu dira; laranja, platano edota pistatxo azalak, esaterako”.
Mendira joaten diren batzuen jokabide “zikin eta axologabea” onartezina dela eta horregaz amaitu beharra dagoela gogorarazi dute. Ingurua txukun, garbi eta zainduta mantentzea garrantzitsua dela esan dute, eta “ez zabor eta zakarrez” beteta. “Arrazoi bat edo beste tarteko, mendi bueltak gure egunerokotasunaren parte bihurtu dira azkenaldian. Baina mendia merezi duen modura zaintzen al dugu? Mendian gora ‘hondakin’ horiek guztiak beteta eramaten baditugu, zergatik ez ditugu jaisten hutsak daudenean, pisua ere gutxiago dutenenean, alegia?”.