Ondarroako alturako ontzi batek istripua eduki du Frantziako uretan
Vendee Globe lasterketan parte hartzen ari zen belaontzi batek 'Hermanos Busto' ontziaren aurka jo zuen eguaztenean, Frantziako Les Sables D' Olonne herritik 90 bat miliatara.
Ondarroako Hermanos Busto alturako ontziak istripua eduki zuen eguazten [urtarrilak 27] gauean Frantziako uretan. Zehazki, Vendee Globe belaontzien lasterketan parte hartzen ari zen Boris Herrmann nabigatzaile alemaniarraren Sea Explorer-Yacth Club de Monaco belaontziak Ondarroako ontziaren aurka jo zuen 20:50ak inguruan, Les Sables D’ Olonne herritik 90 bat miliatara.
Istripua ez zen oso larria izan, eta bi ontzien arteko talkaren ondorioz, ez zen zauriturik egon. Atlantikoko itsas prefeturak baieztatu ahal izan duenez, ez zen beharrezkoa izan larrialdi zerbitzuetara jotzea. Nabigatzaile alemaniarrak bideo batean agertu duenez, lotan ari zela gertatu zen istripua. “Esnatu nintzenean horma handi bat aurkitu nuen parez pare”.
Hermanos Busto ontzia geldirik zegoen istripua gertatu zen unean; legatzak arrantzatzeko tresneria jasotzen ari ziren. Aitor Badiola armadoreak HITZAri jakinarazi dionez, ontziak ez du kalte larririk jasan. “Kalte arinak jasan ditu. Dena susto batean geratu da”. Ontziko hamabost marinelak ezustean harrapatu zituen gertaerak. “Ilunetan, gauez, martxa guztian agertu zen belaontzia, ez dakigu nondik ere. Kolpea sentitu zutenera arte ez ziren ababorrean jo egin zituztela konturatu. Hegal-hegalean jo zuen ontzia, amuratik zehar, eta ez da ezer larriagorik gertatu. Nahiz eta gure ontzia burdinezkoa izan, bete-betean jo izan balu, hondoratzeko arriskua izango genukeen”.
Sea Explorer-Yacth Club de Monaco ontziak, ostera, kalteren bat edo beste jasan zuen. “Belaontziaren belak gure ontziagaz nahastuta geratu ziren, baina dena askatzea lortu zuenean, martxari ekin zion. Gure ontziko patroia larrialdietako kanaletik deika hasi zitzaion onik zegoen galdetzeko. Ez zuen erantzun, ordea. Arduratuta geratu ginen. Gerora, arrantzan ari ginen uretan Vendee Globe lasterketa ari zela lehiatzen kontutatu ginen, eta abiadura jaitsita zihoan belaontzia gure aurka jo zuena izan zitekeena ikusi genuen”.
Kalteekin bada ere, bakarka, gelditu barik eta laguntzarik barik egiten den munduko biraren azken miliei ekiteko aukera eduki zuen Boris Herrmann-ek; hurrengo goizean ailegatu zen helmugara. Herrmann-ek bosgarren amaitu du lasterketa; 80 egun, 20 ordu eta 59 minutu behar izan ditu munduari bira emateko.