Ondarroan grabatutako 'Hondar Ahoak' telesailari eman diote ikus-entzunezko Argia Saria
Sari emaileek azpimarratu duenez, aurtengo ikus-entzunezkoen sariak inflexio puntu bat markatu du euskarazko telesailen historian.
Txintxua Films ekoiztetxeak ETBrentzat sortutako thrillerrari eman diote 2021eko ikus-entzunezko Argia Saria. Koldo Almandoz Hondar Ahoak telesail laburraren zuzendariak eta Marian Fernandez ekoizleak jaso dute saria. “Mila esker Argiari sari emateagatik eta gurea bezalako proposamen eta minisail bat saritzeagatik. Fikzioa, errealitatea eta generoa uztartzen dituen minisail hau saritzeagatik”, azaldu du Almandozek saria eskuan.
Sari emaileek azpimarratu duenez, aurtengo ikus-entzunezkoen sariak inflexio puntu bat markatu du euskarazko telesailen historian. “Lehen musika doinu eta irudietatik ikus-entzulea harrapatuta geratzen da, sumatzen du datorrena ez dela ohikoa euskarazko telesailen sorkuntzan eta adi geratzen da aparailuaren aurrean, datorkionaren aurrean urduri ere bai akaso”.
Hedabidearen iritziz, Ondarroan grabatutako 200 minutu inguruko telesail laburrak thriller poliziako on baterako osagaiak ditu. “Telesailak autore lan baten printzak erakusten ditu: etxe honetako kazetariak dioen gisan, ekoizpen honetan badago urdin berdekara bat, Almandoz Kolorea”.
Lan sarituaren zuzendariak esan duenez, generoan gauzak asmatzea zaila izan da; lanari “euren ukitua” ematen saiatu direla nabarmendu du. “Beste baten kopia berdina egiteko, eta bitarteko gutxiagorekin ez dauka zentzurik. Gu beti saiatzen gara gurea edo propioa den zerbait egiten”.
COVID-19a dela eta, aurten ezingo dute Argia Sariak banatzeko ekitaldirik egin. Hala, asteon, egunero saridun baten berri emango dute.
Euskal kostaldeko arrantza portu batean girotutako thriller bat da Hondar Ahoak. Ondarroan egin zituzten grabazioak, 2020ko abuztuan. Marian Fernandez ekoizleak esan duenez, Ondarroa bera beti zeukaten ideia modura. “Zerbait egiteko oso toki aproposa zela ikusten genuen. Estekikoki eta soziologikoki identitate oso berezia dauka, eta ikusten genuen aukera ona zegoela zerbait han planteatzeko”.