Juan Carlos Perez: "Oso eroso sentitzen naiz musika egiteko era honetan"
Hiru urte eta erdiko lanaren fruitua da ‘Saturraran’ lana. Lehen opera idaztea amets bat izan dela azpimarratu du konpositore eta musikari mutrikurrak. Obrari azken ukituak ematen ari da orain.
Saturraran operaren sortze prozesuan buru-belarri sartuta zabiltza aspalditik. Zer fasetan dago orain proiektua?
2017ko urtarrilean hasi nintzen, eta iazko Malen Egunean amaitu nuen operaren partitura osoa idaztea. Ikaragarrizko lana izan da, orain arte egin dudan handiena. Libretoari jarri beharreko musika oso teknikoa eta berezia da; espezialistentzako lana da. Orkestra bati ari zara musika jartzen, eta orkestra horrek ere bere hizkuntza propioa dauka. Egia esan, neka-neka eginda amaitu nuen; oso nekagarria eta estresagarria izan zen. Proiektua alde batera lagata eduki dut, eta orain instrumentu bakoitzari dagokion partitura propioa egiten hasi naiz. Beste urtebeterako lana izango da; instrumentu bakoitzari dagokion partitura oso argia eta oso ondo idatzita egon behar da, egia esan.
Lan hori konpositoreak berak egitea ohikoa da?
Lan hau, normalean, kopistek egiten dute. Nire lanean oso zorrotza naiz, eta falta den lanaren zatia ere nik egitea nahiago dut. Kopista batek ez du obra bere osotasunean ezagutzen, eta normala den modura, akatsak egin ditzake. Partiturak bana-banaka ari naiz idazten orain, eta, egia esan, egindako obra berrezagutzen hasi naiz. Beste batek idatzitako obra ezagutzen ari naizela dirudi.
Opera orduan amaituta dago.
Berez, amaituta dago, eta horrekin guztiarekin amets bat bete dudala esan dezaket. Orain hori gauzatzea falta da. Pandemia dela eta, ez dugu oraindik mugitzeko aukerarik eduki. Aurrerago egindako lana operazaleen artean erakusten hasiko gara. Hori gauzatzeko interesa eta gogoa duenik baldin badago, estreinatzea izango litzateke asmoa eta azken helburua.
“Istorio apal bat da, baina oso arina eta musikala, musikarekin erraz uztartzekoa”
Nola heldu zenion tamaina honetako opera bat musika arlotik jorratzeko erronkari?
Nire musika ibilbidean operaren edo musika eszenaren barruan txertatzen duen eremu honetara ailegatu naiz. Itoiz taldearen etapa amaitu eta gero, bestelako musika ibilbideari ekin nion, musika klasiko garaikidearen bidetik. Lehenengo ganbera musikarekin hasi nintzen. Beti gustatu izan zait musika sinfonikoa, eta forma handiak moldatzen hasteko gogoa neukan. Musika eta eszena uztartzen diren mundua ezagutu nuen; eta nire bizitzako garai honetan oso erakargarria iruditu zitzaidan. Gutxika forma handien ur horietan murgiltzen hasi nintzen, eta opera bat idazteko grina sortu zitzaidan. Operan denborak eta espazioak luzeak dira, ez dago presarik. Musika egiteko eremu ederra zela iruditu zitzaidan.
Horrelako lan bati bakarrik ekiteak ez dizu gehiegizko pisua sortu?
Behar nuen gauza bat izan da. Oso eroso sentitzen naiz musika egiteko era honetan. Orain, egia esan, neure burua ez dut ikusten kantak egiten. Musikari praktikoa izateari laga nion, eta orain, garai batean esan zen modura, musikari espekulatiboagoa naiz.
Eta zergatik Saturraran izena?
Saturraran leku berezi bat izan da, magikoa. Haitz horiek eta paisaia horrek gure nortasunaren zati bat ere badutela iruditzen zitzaidan, eta kutsu hori ere lanean jaso nahi izan dut. Saturraran nire sustraien parte ere bada, eta nik han bizitako esperientzia nahi nuen lan honetan komunikatzea. Leku horretako oroitzapen bereziak ditut, eta historia handiko lekua ere bada. Musikak berak toki batekin loturarik behar ez duela jakinda, hala ere, saiatu naiz lotzen niretzako garrantzi handia duen toki batekin.
Libretoa idaztearen ardura, berriz, Kirmen Uriberena izan da. Zerbait bereziagatik?
Lanak giro marinela edukitzea nahi nuen, eta Saturraran operako istorioa idazteko orduan bera horretarako aproposena zela iruditu zitzaidan. Proiektua zelakoa izatea nahi nuen azaldu nion, ideia gustatu zitzaion, eta istorio bat asmatzeko eskatu nion. Kirmenek sortutako libretoa amaitu arte egon nintzen zain, eta ideia horretatik abiatuta hasi nintzen partitura osoa eta eszenak osatzen. Libretoan oso ondo azaldu du istorio guztia. Istorio apal bat da, baina oso arina eta musikala, musikarekin erraz uztartzekoa. Egia esan, operak ematen dion indarrarekin handitu egiten da istorioa, beste tamaina bat ematen dio. Alde horretatik, Kirmenek egin duen libretoak asko lagundu du. Musikari espazio asko eman dio, eta lan egiterako garaian istorioak ez nau batere ito; horrekin erabat asmatu du.
“Komunikatzeko modutik, alor artistikotik edo emozionaletik haratago, zientzia bat da musika, eta alde horretatik ere asko erakartzen nau”
Zer nolako istorioa kontatzen duzuen aurreratzerik bai?
80ko hamarkadan kokatutako istorio bat da; oso metaforikoa da. Protagonistak dira Jose, aita den patroi ondarrutar bat, eta Ane haren alaba. Saturraranetik paseatzen egoten den gazte bat da Ane, eta han kanpotik etorritako Luna izeneko beste neska bat ezagutzen du. Horiek dira istorioko hiru pertsonaia nagusiak, eta horien inguruan ohiko gaiak agertzen dira, tradizioa eta maitasuna, esate baterako. Anerentzako gauza berria den maitasunezko harremana sortzen da bera eta Lunaren artean. Hori gaizki ikusita dago herriko jendearen artean, eta hor kokatzen da trama. Istorioa drama eta tragediaz bustita ere badago, eta Saturrarango haitzetako maitaleei buruzko kondairarekin ere badago lotuta.
Musika arloan hamaika proiektutan ibilitakoa zara. Lan horien guztien artean Saturraran orain arte aurre egin behar izan diozun erronkarik handiena izan dela esango zenuke?
Dudarik gabe. Lan ikaragarria izan da. Musika hau, egiterako garaian, puntuz puntu eta xehetasun guztiak kontuan edukita idatzi behar da. Lana, gainera, ondo idatzi behar da, eta funtzionatu egin behar du. Orkestrak interpretatu edo abeslariak abesten duenean ondo idatzita baldin badago, lehenengoan funtzionatu behar du. Musikari bezala asko erakartzen nau musika idazteak. Komunikatzeko modutik, alor artistikotik edo emozionaletik haratago, zientzia bat da musika, eta alde horretatik ere asko erakartzen nau.
Zure ustez, opera sortzerako orduan musika munduan daukazun esperientzia anitza edukitzea onuragarria izan da?
Oso aberasgarria da, eta, batez ere, beste mundu bat ezagutzen duzu. Niretzako musika munduan jarraitu ahal izateko gasolina modukoa da beste esperientzia batzuk ezagutzea. Nire izaeragatik ez zait gustatzen gauzak errepikatzen aritzea; proiektuak agortzen direnean, gauza berriak behar dituzu. Egia esan, beti gauza berriak ezagutzeko eta esperimentatzeko egarria eduki dut. Orain, esate baterako, musikari buruzko entseguak irakurtzen aritzen naiz, gauza berriak direlako niretzat.