Kalera irtengo dute pentsiodunek, hiru urte borrokan daramatzatela gogorarazteko
Lekeition, Mutrikun eta Ondarroan mobilizazioak egingo dituzte zapatuan. Toledoko Itunaren gomendioen aurka protesta egiteko ere baliatuko dute urteurren berezia.
Lea-Artibai eta Mutrikuko pentsiodunak antolatzen hasi zirenetik hiru urte beteko dira egunotan, eta urteurrena gogoratzeko mobilizazioak egingo dituzte zapatuan [otsailak 13]. Mobilizazioak, gainera, Toledoko Itunaren gomendioen aurka protesta egiteko ere baliatuko dituzte. Lekeitioko, Mutrikuko eta Ondarroako pentsiodunen elkarteetako kideek aldarri berberak aterako dituzte kalera; hiru herrietako plazak eta kaleak betetzeko deia egin dute.
Tokiko pentsiodunen elkarteetako kideek ez dute atsedenik hartzen. Astez aste herriko plazetan batzen jarraitzen dute, eta orain arte egindako lana bere fruituak ematen hasi dela esan dute. “Asteroko protestak eragina edukitzen ari dira. Gutxi bada ere, zer edo zer lortu dugu. Pentsioak KPI adina igotzea eta pentsioen gaia pil-pilean eta denen ahotan ipintzea lortu dugu”. Baina oraindik ere asko dagoela egiteko nabarmendu dute.
Toledoko Itunak biltzen dituen pentsioei buruzko proposamenak ere ez dituzte gustuko; ondorioak “oso larriak eta kaltegarriak” direla azpimarratu dute. “Espainiako Gobernuari honakoa bi eskari egin nahi dizkiogu: alde batetik, 2010eko eta 2012eko lan erreformak eta 2011ko eta 2013eko pentsio erreformen murrizketak indargabetzea eta, bestetik, Toledoko Itunaren gomendioak Espainiako Kongresuan berretsi ondoren, iragarritako murrizketa berriei uko egitea. Gasteizko eta Nafarroako Gobernuek ere gaiari buruz zerbait egiteko unea dela iruditzen zaigu”.
Lan, pentsio eta bizitza duinen alde borrokan jarraituko dute. Eta zapatua egungo pentsio sistemak dituen gabeziak salatzera ateratzeko aukera “aproposa” dela gogorarazi dute. Deialdi berezia egin diete belaunaldi gazteenei. “Gazteek ez dute astelehenetako elkarretaratzeetan egoteko aukerarik edukitzen, eta horregatik, zapatuan egingo ditugun mobilizazioetan parte hartera gonbidatu nahi ditugu. Guretzako ez ezik, etorkizuneko belaunaldientzako ari gara borrokatzen”.
Hemen herriz herriko mobilizazioak:
- Lekeitio: 12:00etan, udaletxe aurrean, elkarretaratzea.
- Mutriku: 12:00etan, Goiko Plazan, elkarretaratzea.
- Ondarroa: 12:30ean, Zaldupeko zubitik hasita, manifestazioa.