Ondarroako HAPOren aurrerakinaren txostena ezagutara emango dute
Martitzenean aurkeztuko dute egitasmoa. 19:00etan ipini dute hitzordua, Kofradia Zaharreko bigarren solairuan. Aurrerakina ikusgai egongo den tartean herritarrek ekarpenak egiteko aukera edukiko dute.
Herri Antolamendurako Plan Orokorraren aurrerakina jendaurrean aurkeztea onartu zuen urtarrilaren 28an udalbatzak, eta prozesuagaz aurrera jarraitzeko, txostena jendaurrean ipiniko dute ikusgai. Aurkezpena martitzenean [otsailak 16] egingo dute, 19:00etan, Kofradia Zaharreko bigarren solairuan. Aurkezpenean, udal ordezkariekin batera, egitasmoa aurrera eramaten ari diren Arrutiark enpresako arduradunak ere egongo dira.
Txostena bi hilabetez egongo da ikusgai Kofradia Zaharrean, honako egun eta ordutegian: martitzenetik domekara, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Berau kontsultatzeko interesa dutenek Turismo Bulegora joan beharko dute, eta aretoa libre badago, ikusteko aukera edukiko dute. “Turismo Bulegora joan eta bertan eskatu behar da gela zabaltzeko”.
Aurrerakina ikusgai egongo den tartean, gainera, herritarrek ekarpenak egiteko aukera edukiko dute; ekarpenak Alamedako bulegoetan erregistratu beharko dira. Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak eta Eneritz Basurko Pagoaga hirigintza zinegotziak herritarrak prozesu honetan parte hartzera animatu nahi izan dituzte. “Denon artean erabaki behar dugu etorkizuneko Ondarroa nolakoa izan behar den, eta orain da momentua ekarpenak egin eta guztia planifikatzeko”.
Aurrerakinari buruzko azalpen zehatzagoak jaso nahi dituztenek, gainera, txostena idatzi duen enpresako kideekin eta udal teknikariekin batzeko aukera edukiko dute. “COVID-19a dela eta, beharrezkoa izango da hitzordua eskatzea, bai batzar presentzialak egiteko eta baita batzar telematikoak egiteko ere”. Hitzordua eskatzeko Hirigintza sailera (94-683 36 77) deitu edo posta elektroniko bat idatzi beharko da motxoantesana@ondarroa.eus helbidera, gaian HAPORAKO HITZORDU ESKAERA ipiniz. “Hitzordu bakoitza ordu erdikoa izango da eta norbaitek denbora gehiagokoa behar izatekotan eskarian bertan zehaztu behar du”.
Batzarrak martitzenetan egingo dituzte, 16:00etatik 19:00etara. Aurrez aurrekoak otsailaren 23an, martxoaren 9an eta 23an eta apirilaren 13an eta 27an egingo dituztela iragarri dute. Telematikoak, berriz, martxoaren 2an, 16an eta 30ean eta apirilaren 20an egingo dituzte.