A. Martinez eta E. Lersundi: "Egunen batean ez da inongo etiketarik erabiltzeko beharrik egongo"
Espainiako Gobernua ontzen ari den legea onartzea kolektiboarentzat aurrerapauso handia izango litzatekeela diote Naizen elkarteko Ana Martinez eta Elaxar Lersundi ondarrutarrek. Berdintasunaren bidean oraindik asko dagoela egiteko diote.
Espainiako Gobernuak Trans Pertsonen Berdintasun Erreal eta Eraginkorrerako Legearen zirriborroa eman du ezagutzera. Zelan jaso duzue albistea ?
Ana Martinez: Legea onartzeko gogoagaz eta esperantzagaz gaude. Espainiako Gobernuko ordezkariek legea aurten bai edo bai onartuko dela esan dute, baina koalizioko gobernua osatzen duten alderdien artean ez dago erabateko adostasunik; oraindik ez du PSOEren erabateko oniritzirik. Imajinatu nora artekoa den desadostasuna, agintean dagoen alderdi bakoitzak bere zirriborroa kaleratu duela. Legea izango denaren aurreproiektua dagoeneko eztabaidatuta egon behar litzateke Ministroen Kontseiluan, baina orain Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordeak zain egon beharko dela iragarri du, gaia gehiago eztabaidatu behar dela argudiatuz. Horrelako martxan ez dakit legea aurten onartzera sasoiz ailegatuko direnik. Lege hori orain onartzea behar dugu, ahalik eta arinen. Gure beldurra da hainbeste zain egon ostean, legearen onarpenaren kontua geldirik edota ezerezean geratzea.
Elaxar Lersundi: Erkidego askotan gaur egun ezarrita dago lege horren antzerako zerbait; batzuentzat ez da ezer berria. Guk nahi duguna da edozein erkidegotan jaiota ere legea berdin aplikatzea denei.
Alderdi batzuek agertu dituzten zalantzak eta legea onartzeko dagoen ziurgabetasun horrek kezkatzen zaituzte?
A.M.: Bai, noski. Urtea amaitu orduko onartu nahi dutela esan dute, baina ez beste ezer. Ez dakigu proposamena aurrera eraman eta onartuko duten edo ez duten. Ez dakigu zenbat denbora zain egon behar dugun. Pozgarria da zerbait egiten ari direla jakitea, baina ez dugu nahi asmo huts batean geratzea. Ea esandakoa egia den, eta aurten, azkenean, legea onartzen duten, horretarako bada sasoia eta. Aldarrikatzen duguna eskubide bat da, ez dugu bestelako pribilegiorik eskatzen.
E.L.: Berariazko eskubide batek ez luke inoiz eztabaidagarria izan behar. Legea onartzeko zenbat eta gehiago igaro, gazte gehiago suizidatzeko aukera egongo da, baita ere egunotan Nafarroan gertatu den moduko gertakariak errepikatzekoa. Genero autodeterminazioa norbere esku egon beharko litzatekeen gauza bat da. Inork ez dit esango zein naizen eta nor naizen, hori neuk erabaki dezaket bakarrik. Jendartean Elaxar naizela eta gizonezkoa naizela esanda hori inork ez badu zalantzan ipintzen, beste batek esandakoa zergatik ipini behar da zalantzan ba? Estereotipoekin gidatzen da jendartea, eta hortik haratago joatea beharrezkoa da.
Legeari buruz ezagutara eman dena, zer iruditu zaizue?
A.M.: Irene Montero Espainiako Berdintasun ministroak proposaturiko zirriborroa nahikoa osatua iruditu zaigu. Esparru askotariko gaiak barneratzen ditu, gainera: kirola, hormonazioa, erregistroa… Elkarte modura egindako eskabide guztiak jasotzen dituela esango nuke.
E.L.: Irene Monteroren proposamena hobea iruditzen zaigu. Carmen Calvonagaz alderatuta zatia osotuagoa dela iruditzen zaigu. Hori argi daukat.
“Kontrako jarrera dutenak gutxi batzuk badira ere, tamalez, iritzi publikoaren arreta bereganatzen ari dira”
Zirriborroak kolektiboaren eskari historikoetako bat jasotzen du. Legeak ezabatu egingo luke erregistroan sexua aldatzeko genero disforia diagnostikatzeko betekizuna.
A.M.: Gaur egunean erregistroan izena aldatzeko orduan txosten medikua beharrezkoa da. Txosten horretan genero disforia duzula ipini behar du nahitaez. Aurrerapauso handia da, modu horretara ez dituzte gaixo modura tratatuko, ez dute gaixotasun mentalik eta.
E.L.: Nire ustez, nortasun agirian generoari ez litzaioke aipamenik egin beharko. Agiri hori zein zaren ziurtatzeko baldin bada, ez dio axola gizonezkoa edo emakumezkoa zaren. Izena izan beharko litzateke hor garrantzitsuena, eta ez beste ezer.
Gaiak hautsak harrotu ditu han-hemenka. Zergatik uste duzue sortu dela hainbesteko eztabaida?
E.L.: Abortu Legea eta sexu berekoen arteko ezkontzak onartu zirenean ere sekulako zalaparta sortu zen. Edozer entzun zen orduan ere, eta kontrako jarrera erakutsi zutenek esan zuten ezer ez da gertatu.
Feminismoaren sektore jakin bat proposamenaren aurka agertu da.
A.M.: Feminista talde hauek sekulako kanpaina egiten ari dira legearen aurka. Esaten dutena ez da oso koherentea; mina eta amorrua ematen du. Genero autodeterminazioak emakumeen eskubideak alde batera eta arriskuan jartzen dituela diote. Adibide moduan, erasotzaileek espetxeetan emakumeen moduluetan sartzeko aukera izango dutela eta Genero Indarkeriaren Legea saihestuko dutela diote. Lege honekin gurasoek seme-alabak mutilatuko dituztela ere badiote, atzeraezinak diren tratamenduekin hormonatzen ditugula… baina ez dute esaten ezer orain legea dagoen moduan egonda, bi urtez hormonatzera derrigortuta daudela, esaterako. Esaten dutenak ez du zentzurik; astakeria eta gezur hutsak dira. Gure seme-alabak ez ditugu ezertara derrigortzen; gure zeregina hartzen dituzten erabakietan sostengua ematea da, besterik ez. Eskerrak feminista asko legea onartzearen alde dauden. Kontrako jarrera dutenak gutxi batzuk badira ere, tamalez, iritzi publikoaren arreta bereganatzen ari dira.
E.L.: Zirriborro horretan ez dakit zer irakurri edo ulertu duten, baina lege honek emakumeei eskubideak kenduko dizkiela diote behin eta berriz. Aldarrikatzen dugun legeak horrelakorik ez duela planteatzen esan nahiko nieke honegaz legeagaz mehatxatuta sentitzen diren guztiei.
“Ez dakit zelan eskertuko diogun Arantza Ibarrari egin duen guztia; sentitzen duguna adierazteko ez dago nahikoa berbarik”
Legea onartzea aurrerapauso handi bat bada ere, berdintasunaren bidean oraindik ere asko egongo da lortzeko, ezta?
E.L.: Beti egongo da gaiari eta kolektiboari ikusgarritasuna emateko arrazoiren bat. Anak eta biok bizi garen artean berdintasunaren alde pausoak emateko borrokan jarraituko dugu. Oso garrantzitsua da gaiari buruz irakastea eta ikastea; gizarteak gaiari buruzko heziketa gehiago behar du oraindik.
A.M.: Erronka asko daude lortzeko. Gure ahoetatik trans berba erabiltzea desagertzea falta da. Egunen batean ez da inongo etiketarik erabiltzeko beharrik egongo: neskak, mutilak, gizonak, emakumeak… egongo dira bakarrik.
Gaiari, gainera, sekulako ikusgarritasuna ematen ari da Mi pequeño gran samurai dokumentala.
A.M.: Grabazioa egiterako orduan bizipenak gogora ekartzea gogorra izan zen, baina emaitza ikusi dugunean oso gustura geratu gara. Pertsonalki, ariketa ederra izan da.
E.L.: Ez dakit zelan eskertuko diogun Arantza Ibarrari egin duen guztia; sentitzen duguna adierazteko ez dago nahikoa berbarik. Dokumentala posible egiteko euren diru ekarpena egin zuten guztiei ere eskerrak eman nahiko genizkieke. Dokumentala betirako hor geratuko den gauza bat izango da, eta modu horretara Ekairen memoriak luzerako iraungo du, baita gu bizirik ez gaudenean ere.
Sekulako arrakasta edukitzen ari da nazioartean. Horrek zer garrantzi du zuentzat?
A.M.: Nazioarteko hainbat lehiaketarako aukeratu dute lana, eta horietako bakoitzean aukeratua izatea sekulakoa da. Ehunka lan aurkezten dira lehiaketetara, eta aukeratuetako bat izatea izugarria da guretzat. Hautaketaren berri edukitzen dugun bakoitzean pozez gainezka ipintzen gara.
E.L.: Trans mundua eta suizidioaren gaia ikustaraztera ematea da gure asmoa, eta era batera edo bestera, lortzen ari gara. Helburu nagusia mezua zabaltzea eta Ekairen historia ezagutzera ematea da. Honegaz guztiagaz, gainera, Ondarroaren izena gauza positibo bategaz munduan barrena zabaltzen ari gara.