Asier Badiola preso ondarrutarra El Duesoko kartzelara lekualdatuko dute
Kantabriako espetxera lekualdatzeaz gain, preso ondarrutarra bigarren gradura pasatzea ere onartu dute. COVID-19rekin lotutako osasun egoerak ahalbidetzen duenean lekualdatuko dute ondarrutarra.
Espainiako Espetxe Erakundeek gaur [martxoak 12] jakinarazi dutenez, beste sei euskal preso lekualdatuko dituzte: bat Euskal Herriko espetxe batera ekarriko dute, eta beste bost, Euskal Herri ingurukoetara. Horien artean dago Asier Badiola Lasarte preso ondarrutarra; gaur egun Picassenteko (Valentzia, Herrialde Katalanak) espetxean dago, Ondarroatik 655 kilometrora, eta El Duesora (Cantabria, Espainia) lekualdatuko dute, etxetik 120 bat kilometrora.
Badiolaren senitartekoek albistea positiboa dela nabarmendu dute. “Orain baino askoz hurrerago egongo da. Lehen sei ordu eta erdiko bidaia egin behar genuen anaia bisitatzeko, eta orain ordu bi edo gutxiagoan ailegatuko gara”, azaldu du Iñigo Badiola Asierren anaiak.
Preso ondarrutarra 2010eko urtarrilaren 31n espetxeratu zuten. Espainiako Espetxe Erakundeek jakitera eman dutenez, eta Valentziako Tratamendu Batzordeak proposatuta, “bigarren gradura igarotzea eta Kantabriako espetxera eramatea erabaki du”. Gaur egun, lehen graduan dago, neurriak zer edo zer arinduta. Graduz aldatuta, goiz eta arratsaldez patiora irteteko eta bestelako ekintzetan parte hartzeko aukera edukiko du.
Badiolagaz batera Jon Joseba Troitiño, Harriet Iragi, Iñigo Zapirain, Beatriz Etxebarria eta Jurdan Martitegi ere espetxez lekualdatuko dituzte. Troitiño Murtzia II espetxetik Logroñoko kartzelara mugituko dute, eta Iragi Castellon IItik Logroñora. Zapirain eta Etxebarria, ostera, Aranjuezko zentrotik El Duesoko kartzelara lekualdatuko dituzte. Azkenik, Martitegi Soto del Realetik Martutenera lekualdatuko dute. Gainera, antolaketa arrazoiak direla-eta Asier Carreraren lekualdaketa ere erabaki dute; Palentziako (Espainia) Dueñas zentrotik Donostiako Martuteneko espetxera eramango dute.
Pandemiagaz mantsotu egin dira lekualdaketak; COVID-19rekin lotutako osasun egoerak ahalbidetzen duenean egingo dutela azaldu Espainiako Espetxe Erakundeek. Anaia lekualdatu orduko denbora igaroko dela uste dute Badiolaren ingurukoek. “Egia esan, ez dakigu noiz mugituko duten. Dakigunaren arabera, presoari jakinarazi eta bi aste edo hilabete bueltan mugitzen dute”.