Energia berriztagarriak sustatuko dituen proiektua aurkeztu dute Debabarrenan
Udalerri bakoitzean irabazi asmorik gabeko kooperatibak sortuko dituzte, eta eguzki energia sortzen eta kudeatzen parte hartzera bultzatuko dituzte herritarrak, beren hornidurarako.
Ekiola proiektuaren aurkezpena. Argazkia: GFA. Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak lurraldean “autokontsumoa hedatu eta energia berriztagarriak sustatuko” dituen herritarren Ekiola kooperatiba energetikoaren xehetasunen berri eman diete Mutrikuko, Debako, Mendaroko, Elgoibarko, Eibarko eta Soraluzeko alkateei. Eskualdeko herritarren artean proiektua bultzatu eta ezagutzera emateko asmoarekin, aldundiak harremanak hasi ditu udalekin.
Aldundiko iturriek gaineratu dutenez, udalerri bakoitzean kooperatiba energetiko bat sortu nahi dute. Zehaztu dutenez, irabazi asmorik gabeko kooperatibak izango dira, eta eguzki energia sortzen eta kudeatzen parte hartzera bultzatuko dituzte herritarrak, beren hornidurarako. “Ingurumen Departamenduak laguntza lerro bat aurkeztu du Europako funtsetara Next egitasmoaren bidez, lurraldeko udalek beren herritarrek eskutik baliabide ekonomiko horiek aprobetxatu ahal izan ditzaten”.
Aurreratu dutenez, kooperatiba bakoitzak instalazioak eraiki eta erabiliko ditu sortze kostu egonkor batekin, oso epe luzerako (25 urte edo gehiagorako). Instalazio horiek pertsona edo familia kopuru handi batentzat kudeatuko dira; instalazioek tamaina ertaineko/handiko proiektu baten berezko ekonomiak izango dituzte. “Helburua da pertsona bakoitzak kontsumitzen duen adina elektrizatate berde sortzea. Emaitzak kooperatibistei itzuliko zaizkie faktura elektrikoetan; argi faktura, gutxi gorabehera, %20-30 murriztuko litzateke”.