Kaixomaitia kontaketa erotikoen lehiaketako hirugarria saria, Ondarroara
Ondarroan bizi den Joxemari Urteaga idazle lazkaotarraren 'Metro bateko tartea' izeneko kontaketak irabazi du hirugarren saria.
Kaixomaitia.eus webguneak eta Elkar argitaletxeak antolatutako Kaixomaitia kontaketa erotikoen lehen lehiaketaren sariak banatu dituzte asteburuan, Donostian. Hirugarren saria Ondarroan bizi den Joxemari Urteaga idazle lazkaotarrarentzat izan da Metro bateko tartea izeneko kontaketagatik. Kaixomaitia.eus webguneak emandako 250 euroko sari ekonomikoa, 100 euroko Elkar opari txartela eta liburu sorta jaso ditu opari legez. Lehen saria Karlos Aretxabaletarentzako izan da eta bigarrena, ostera, Irati Goikoetxearentzako.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, 83 idazlan jaso dituzte guztira, denak ere “zein baina zein hobeak”; horietatik zortzi finalista aukeratu ditu epaimahaiak. “Mila esker parte hartzaile guztiei bidalitako idazlen zoragarriengatik, benetan ez da erraza izan erabaki bat hartzea. Zorionak guztioi egindako lanarengatik”. Finalisten testuak dagoeneko irakurgai daude Kaixomaitiako blogean; gainerako testuak hurrengo hilabeteetan publikatuko dituzte blog berean. Iragarri dutenez, horietako batzuk podcast moduan lokutatu eta editatuko dituzte gainera.