Animalien ordenantzari alegazioak egiteko epea zabaldu dute Mutrikun
30 lan eguneko epea ezarri dute alegazioak aurkezteko. Inork ez balu iradokizunik aurkeztuko, 1996an onartutako araudia indargabetzen duen testua behin-betiko onartuta geratuko litzateke.
Azken hilabeteotan animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen ordenantza eguneratu eta egokitzeko lanean dabil Mutrikuko Udala. Dokumentuari onarpena aho batez eman zioten udalbatza osatzen duten hiru taldeek urtarrileko ohiko osoko bilkuran eta gaur [martxoak 24], ordea, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argituratu dute behin-behineko testua. Eguenetik [martxoak 25] hasita, 30 lan eguneko epea ezarri dute alegazioak aurkezteko.
Udal iturriek azaldu dutenez, udaletxeko iragarki taulan ipiniko dute ikusgai dokumentua. Ezarritako epe horren barruan alegaziorik aurkezten ez bada, indarrean jarriko da ordenantza, eta ondorioz, 1996an onartutako araudia indargabetuta geratuko da. Herritarrek alegazioak aurkeztuko balituzte, bestalde, gaia berriro aztertuko lukete gobernazio batzordean. Prozesuarekin amaitzeko, beste osoko bilkura bat egin beharko litzateke, behin-betiko testua onartzeko.
Arau hausteengatik 60 eta 3.000 bitarteko isunak ezarriko ditute
Ordenantza berrian jasotakoari dagokionez, besteak beste, jabeek derrigorrez identifikatu eta erroldatu beharko dituzte animaliak, txakurrak kontrolpean eta uhal batekin lotuta eraman beharko dira eta gorozkiak jaso eta garbitzea zorrotz bete beharko da. Animalien tratua, higienea, zaintza eta garraioari buruzko gutxieneko neurriak ere zehaztu dituzte.
Ordenantza eguneratzearekin batera, arau hausteengatik jarriko diren isunak ere eguneratu dituzte: arau hauste oso larrientzako 1.501 eta 3.000 euro bitarteko isunak ezarri dituzte, eta arau hauste larri eta arinentzako, berriz, 301 eta 1.500 euro eta 60 eta 300 euro bitartekoak, hurrenez hurren.
Maiatzaren 1etik urriaren 31ra debekatuta egongo da animaliak hontzertan eta igerilekuetan sartzea
Arau hauste arinak izango dira, besteak beste: errolda identifikaziorik gabeko animaliak edukitzea eta animaliei tratu iraingarria ematea. Arau hauste larriak izango dira, esaterako: gorozkiak uztea, ez txertatzea eta derrigorrez eman beharreko tratamenduak ez ematea eta animaliei tratu txarrak ematea. Besteren artean arau hauste oso larriak dira: animaliak era bortitzen batean edo substantzia toxikoak emanda hiltzea, animalia abandonatzea eta pozoitutako janari lagatzea bide eta espazio publikoetan.
Udalak gaiarekin zerikusia duen kontzientziazio kanpaina bat egiteko asmoa duela iragarri du. Udalak egin duen azterketaren arabera, Mutrikun 700 txakur inguru daude gaur egun; horientzako gune bereziak jarriko dituzte, modu egokian horniturik. Txakurrak aske ibili ahal izateko ordutegi bat indarrean jartzea ere aztertzen ari da udala. Ordenantzan jasotakoaren arabera, maiatzaren 1etik urriaren 31ra, erabat debekatuta egongo da animaliak hondartzetan zein igerilekuetan sartzea eta egotea. Dena dela, maiatzean eta urrian, txakurrak 20:00etatik 09:00etara egotea baimenduko dute.