Euskara bultzatzeko ekitaldiak, domekan
Ondoko herrietan egingo dituzte ekitaldiak: Aulesti, Etxebarria, Lekeitio, Markina-Xemein, Munitibar, Ondarroa eta Ziortza-Bolibar. Euskalduntze mugimenduaren garrantzia plazaratuko dute, 'Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!' dinamikaren baitan.
22. Korrika ez dela egingo jakinarazi zuen iaz AEK-k, baina euskararen aldeko lasterketa amaitzekoa zen egunerako [martxoak 28, domeka] hainbat tokitan ekitaldiak antolatu dituzte. Lea-Artibaiko hainbat herritan 12:00etan elkartuko dira: Aulestin, Etxebarrian, Lekeition, Markina-Xemeinen, Munitibarren, Ondarroan eta Ziortza-Bolibarren. Oro har, ekitaldi xumeak egingo dituzte herri horietan, eta AEKren mezua irakurtzeaz gain, Euskal Herrian Euskaraz abestia ere abestuko dute.
Etxebarrian, gainera, eguerdiko ekitaldiaz gain, 17:00etan Plazabarrin elkartuko dira Eneko Arratek eta Aissa Intxaustik eskainiko duten bertso antzerkian. Hemen herriz herriko egitaraua:
- Aulesti, plazan: Ondoetorri ekitaldia (12:00); AEKren mezuaren irakurketa (12:05); Euskal Herrian Euskaraz abestia abestu (12:15); Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! horma-irudiaren osaketa (12:20); talde argazkia (12:30). Oharra: Euria egingo balu, ekitaldia frontoian egingo litzateke.
- Munitibar, plazan: Hasiera bertsoa (12:00); AEKren mezuaren irakurketa (12:05); Euskal Herrian Euskaraz abestia abestu (12:15); Bertsoa (12:25); herri argazkia (12:30).
- Ondarroa: Ekitaldi xumea egingo dute Musika Plazan, 12:00etan.
- Etxebarria, Plazabarrin: Hasierako bertsoa, ondoren graffitia (12:00); AEKren mezuaren irakurketa (12:05); Euskal Herrian euskaraz abestia abestu (12:15); bukaerako bertsoa (12:20); herri argazkia (12:30); Eneko Arrate eta Aissa Intxaustik antzeztutako bertso antzerkia (17:00). Ekitaldiak ETX kultur elkarteak antolatuta daude.
- Lekeitio: 12:00etan Independentzia plazan bilduko dira herritarrak.
- Markina-Xemein, Zelaian: Hasierako bertsoa, ondoren graffitia (12:00); AEKren mezuaren irakurketa (12:05); Euskal Herrian euskaraz abestia abestu (12:15); bukaerako bertsoa (12:20); dantzarien agurra (12:25); herri argazkia (12:30). Oharra: Euria egingo balu, ekitaldia Plazabarripean egingo lukete.
- Ziortza-Bolibar, aparkalekuan: Hasierako bertsoa, Nerea Ibarzabalen eskutik (12:00); AEKren mezuaren irakurketa (12:05); Euskal Herrian euskaraz abestia abestu (12:15); amaierako bertsoa, Nerea Ibarzabalen eskutik (12:25); herri argazkia (12:30). Oharra: euria egingo balu, ekitaldia frontoian egingo litzateke.
Domekan euskararen alde egiteko eta euskalduntze mugimenduaren garrantzia plazaratzeko aterako dira kalera herritarrak, baina, bitartean, AEK-k Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! dinamika dauka martxan. Euskal Herriko herritarren %55 erdalduna dela diote. “Berdintasunean oinarritutako jendartea amets badugu, argi dago herritar helduen euskalduntzea beharrezkoa dugula, guztion eskubideak bermatzeko zubia delako”, azaldu dute AEK-koek, eta euskaltegi “sendoen” beharra azpimarratu dute. “Bide honetik goaz, urtero-urtero 45.000 herritarretik gora euskara ikasten ari baitira horietan, baita pandemiak eragindako ikasturte ezohiko honetan ere”.
AEK-k gogoratu duenez, egunotan 55 urte bete dira Rikardo Arregi kazetari eta euskaltzaleak Euskaltzaindiari helduen alfabetatze eta euskalduntzearen premia azaleratu zionetik. Arregik bidalitako gutun hartan argi islatu zuen helduen euskalduntzea ezinbestekoa zela euskararen biziberritze osoa lortzeko. “Gaur egun, bide oparo eta nekaezina eginda ere –ikerketek diotenez, jendarteak azken hamarkadetan irabazi dituen hiztun berrietatik heren bat euskaltegietatik atera da–, bistan da euskaltegiok buru-belarri segitu behar dugula lanean”.
Hiru ardatz. Hori horrela, martxan duten kanpainak hiru ardatz dituela zehaztu dute. Alde batetik, AEK-k gutun bat helaraziko die Euskal Herriko administrazio nagusiei, datozen urteetan euskalduntze mugimenduak zelako baldintzak izan behar dituen jasota: “1966ko urtarrileko gutunetatik, 2021eko apirileko eskutitztara igaroko gara”. Horrez gainera, mota guztietako eragileekiko lan-ildo bateratu bat ere jorratzen ari dira. Korrikan, iaz, Klika eginez euskararekiko konpromisoa hartu zuten eragileek. Orain, harreman horiek sustatzen segitu gura dute, “aurrerapauso gehiago emateko eta bakoitzaren eremuan akuilu lana ere egiteko”. Izan ere, gobernu eta herritarrez gain, eragileek ere garrantzia dute.
Herritarrak dira euskalduntzea bultzatzeko beste ardatzetako bat. Hori dela eta, herritarrei euskararen lekukoa hartu eta euskararen arnasgune izateko eskatu diete: “Administrazioaren aldetik, urrats gehiago egin daitezen borrokatzen dugun bitartean, jendartearen arnasa ere ezinbestekoa dugu. Horregatik, herritarrei domekako ekintzetan parte hartzera gonbidatzen diegu”.
Diru ekarpenak. Martxoaren amaierara arte, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! Egizu ekarpena kanpaina ere martxan dute. “Korrika atzeratzeak zuloa eragin digu aurrekontuan, zalantza barik, eta banku bidezko finantzaketaren bitartez eman diogu erantzuna hasierabatean. Zorpetze horri ere aurre egin beharko diogu, eta herritarren sostengua nahi dugu”, azaldu dute. Ekarpenak AEKren webgunean egin daitezke, hainbat eratan.