Mutrikuko Kiputz aztarnategia, Altamirako museoko protagonista
Apirilaren 1etik uztailaren 4ra Kantabriako museo ezagunera joaten direnek azken glaziazioko paisaian murgiltzeko aukera edukiko dute. Erakusgai jarri dituzten piezen artean deigarriena eta garrantzitsuena 'bison priscus' espezieko bisontearen burezurra da.
Kiputz: historiaurreko amildegia aldi baterako eraskusketa inauguratu dute gaur [martxoak 30] Altamirako museoan (Santillana del mar, Kantabria, Espainia. Erakusketak Mutrikuko Kiputz leizeko aztarnategian aurkitutako altxorrak ezagutzera emango ditu apirilaren 1etik uztailaren 4ra, Kantabriako museoko 1973ko espazioan.
Erakusketa ikusten dutenek duela 20.000 eta 15.000 urte bitarteko azken glaziazioko paisaian murgiltzeko aukera edukiko dute. Garai hartan, Kiputz leizea mendiko irekidura natural bat zen, eta animalia askorentzat tranpa hilgarri bihurtu zen. Egindako indusketetan ehunka animalia haragijaleren eta belarjaleren hezur zatiak berreskuratu zituzten. Orein baten, elur orein baten eta bisonte baten hezurdura osoaren erreplikak jarri dituzte ikusgai, eta horrekin batera aurkikuntza guztien arteko piezarik baliotsuena ere bai: bison priscus espezieko bisontearen burezur originala.
“Erakusketan indusketa prozesu osoa zelakoa izan zen azaltzen duen informazioa eta bideo bat ere badaude”. Erakusketa Kantabriako museo erakundeak beste hainbat erakunderekin egindako lankidetzari esker gauzatu da: Donostiako San Telmo Museoa, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroko Gordailua eta Aranzadi Zientzia Elkartea.