Aberri Eguna plazetan ospatzeko deia egin dute
Euskal Herria Baterak deituta, herriko plazetan abestera deitu dituzte herritarrak. Aulestin, Lekeition, Mutrikun eta Ondarroan antolatu dituzte ekintzak.
Euskal Herria Batera ekimenak Aberri Egunean herriko plazetan batzeko deia egin die herritarrei. “Euskal Herri burujabea” aldarrikatuko dute domekan [apirilak 4] eta bide horretan, etxeetako leihoetan eta balkoietan ikurrinak eta Nafarroako ikurrak zintzilikatzeko deia ere egin dute, “euskal gizartearen bateratasuna irudikatzeko”. Euskal Herriko hainbat txokotan egin modura, Mutrikun eta Lea-Artibaiko zenbait udalerritan ere Euskal Herria Baterak egindako deiarekin bat egingo dute; Aulestin, Lekeition eta Ondarroan antolatu dituzte ekintzak.
Sustatzaileek azpimarratu dutenez, kantua izango ekitaldiaren oinarria. “Egoera edozein dela eta, keinu bat batera egitea proposatzen diegu euskal herritarrei, eragileei, alderdiei eta sindikatuei: apirilaren 4an kantuan egitea, denok batera Euskal Herri osoan”. 12:30ean ipini dute hitzordua, ordu horretan “ikus-entzunezko seinale bat” igorriko dute irratietan, tokiko telebistetan eta sarean, eta elkarrekin abesteko gonbidapena egin dute.
Hiru kantu abestea proposatu dute, “Euskal Herria batzen dutelakoan”: Gernikako arbola batasuna adierazteko, Txoria txori askatasuna aldarrikatzeko eta Ikusi mendizaleak maitasuna irudikatzeko. Proposamena ez dute bakarrik herriko plazetara mugatu nahi. “Gauden tokian gaudela, etxean, mendian zein hondartzan, Euskal Herrian zein kanpoan, seinalearekin bat egin eta kantatzeko deia egiten dugu”.
EKITALDIAK HERRIZ HERRI
- Aulesti. 12:15, plazan batzeko deia egin dute, 12:30ean Euskal Herri osoan egingo den ekitaldiagaz bat egiteko.
- Lekeitio. 12:30ean, plazan.
- Mutriku. 12:15ean, Goiko Plazan ekitaldia.
- Ondarroa. 12:30ean, Musika Plazan.