Angel Aldarondo ondarrutarraren proiektu bat 2deo serieak deialdirako hautatu dute
130 proiektu aurkeztu dira deialdira. Ondarrutarrarena balorazio batzordeak aukeratu duen hiru lanetako bat izan da.
Aitor Gabilondo fikziozko ikus-entzunezko sortzaileak, Xabier Berzosa ekoizleak eta Donostia Zinemaldiko, EITBko eta Tabakalerako ordezkariek osatutako balorazio batzordeak 2deo serieak deialdiaren barruan garatuko diren proiektuak ezagutzera eman ditu. Zehazki hiru proiektu aukeratu dituzte, eta horietako bat Angel Aldarondo sortzaile ondarrutarraren Su hotza euskarazko seriea izango da.
Ondarrutarraren proiektuagaz batera Paloma Moraren Print! eta Victor Alonso-Berbel & Jan Matheuren Raval lanak ere aukeratu dituzte. Hautatutako hiru proiektuek 6.000 euroko laguntza jasoko dute eta datorren Donostia Zinemaldiaren Industry atalaren barruan aurkeztuko dituzte euren prozesuak.
Su hotza intrigaz betetako eta euskaraz sortutako lau ataleko serie bat izango da
Batzordeak aurkeztutako proiektuen kalitatea eta sormena azpimarratu ditu, eta proposamen askoren izaera berritzailea ere nabarmendu du, “gizarte garaikideari buruzko ikuspegi bat eta globaltasunaren anbizioa bateratzen baitituzte”. Guztira, 130 proposamen aurkeztu dira deialdira. Zehaztu dutenez, euskaraz sortutako bertako 20 proiektu aurkeztu dira eta gainontzekoak atzerrikoak dira, Txile, Mexiko, Argentina, Frantzia edota Suitzakoak, besteren artean.
Deialdiaren antolatzaileek aukeratutako hiru proiektuei buruzko zertzelada batzuk ere ezagutzera eman dituzte. Sortzaile ondarrutarrak garatuko duen Su hotza proiektua intrigaz betetako eta euskaraz sortutako lau ataleko serie bat izango dela aurreratu dute. “Kazetari gazte bat da protagonista nagusia. Kanpoan denboraldi bat pasa ostean Donostiara itzultzen da eta higiezinekin lotutako trama batean nahastuko da”.
Biografia. Angel Aldarondok ikus-entzunezkoen sektorean lan desberdin asko egin ditu. Esperientzia zabala dauka, urteetan zuzendari, gidoigile eta editore modura aritu da hainbat telebista programetan, eta film labur askotan ere egin du lan. Azken urteotan askotariko lanak egin ditu telebistan: Hondar ahoak telesailerako gidoia idatzi, Una historia de Vasconia dokumental saila edo A bocados programa. Poseidon oporretan film laburra amaitu du aurten eta egun, Rafael Berrio musikari buruzko Simulacro, el don de vivir dos veces sorkuntza dokumentala errodatzen ari da; bere estreinako lan luzea izango da, hain zuzen.