Mikel Iriondo igerilari ondarrutarrak hiru urre lortu ditu Espainiako Txapelketan
Bere kategoriako onena izan da 100 metro estilotan eta bizkar modalitateko 50 eta 200 metroko probetan.
Swim camp Getxo kirol elkarteko Mikel Iriondo Anakabe igerilari ondarrutarrak aurreko apirilaren 10ean Castellon (Valentzia, Herrialde katalanak) jokatu zen 26. Neguko Espainiako Master Txapelketan parte hartu zuen. 40-44 urte bitarteko kategorian 50 metro eta 200 metro bizkar eta 100 metro estilotan fin aritu zen. Parte hartu zuen proba guztietan garaipena nagusitasun osoagaz eskuratu ostean, urrezko hiru dominagaz bueltatu da etxera. Igerilari ondarrutarra “oso pozik” agertu da emaitzagaz. “Oso pozik nago egin ditudan emaitzekin eta denborekin. Denbora onenagaz joan nintzen txapelketara, eta denbora zer edo zer jaisteko aukera ere eduki dut”.
Emaitzei dagokienez, 50 metro bizkar lasterketan 27 segundo 88 ehuneneko marka egin zuen, hurrengo sailkatua baino 2 segundo eta erdi gutxiago. 100 metro estilotan, berriz, 1 minutu 1 segundo 64 ehuneneko marka egin zuen, bigarren sailkatuak baino segundo bat gutxiago. 200 metro bizkar proba amaitzeko, azkenik, 2 minutu 13 segundo 92 ehuneneko behar izan zituen, bigarren sailkatuak baino 7 segundo gutxiago. “Entrenamenduetan ondo prestatuta joan naiz. 50 metro eta 200 metro bizkar probetan emaitza onak eskuratzea espero nuen, baina aurkarien denborak kontuan hartuta 100 metro estilotan nituen zalantza gehien“.
100 metro estilotan eta 200 metro bizkar probetan, gainera, aurtengo denboraldiko denborarik onena ere egin du. “200 metro bizkar proban Espainiako errekor berria ezartzeko zorian ere egon naiz, baina ezin izan dut aurretik ezarrita zegoena gainditu; hortxe-hortxe ibili naiz, segundo batera”.
Txapelketan lortutako emaitza onei esker Europako Master Txapelketan parte hartzeko aukera edukiko luke ondarrutarrak, baina pandemiaren bilakaeragatik bertan behera geratu da. “Maiatzean Budapesten (Hungaria) egitekoa ziren txapelketa, baina ez dela egingo jakitera eman dute ohar baten bidez”.