Alain Lersundi: "Publikoagaz zuzenean egotea niretzako izugarria da; asko betetzen nau"
Dantzertin antzerkigintza ikasketak amaitzen ari da ondarrutarra. Ikasketa amaierako azken lana taularatu ostean, tesia prestatzen hasi da; lan transformatibo bat izango dela aurreratu du.
Duela gutxi ikasketa amaierako Uda gau bateko bidegurutzea estreinatu duzue. Zelako esperientzia izan da?
Esperientzia oso polita izan da. Irailean hasi ginen lana prestatzen. Lehenengo muntaiaren dramaturgia landu genuen Patxo Telleriagaz. Berak proposatu zigun funtzio batean eman zitekeen benetako egoera bat: obra baten amaieran txaloak jasotzen gauden bitartean denbora gelditu egiten da, eta hortxe hasten dira gure beldurrak. Abiapuntu horretatik hasi ginen sortzen, eta William Shakespeareren A Midsummer Night’s Dream lana aukeratu genuen horretarako; izena ere hortik dator. Hilabetez agerraldiak idazten aritu ginen, eta ostean, Patxo Telleriak berak sortutako fikzio batean kokatu da.
Mireia Gabilondok zuzendu zaituzte taula gainean.
Sekulako esperientzia eta plazer handia izan da Mireia Gabilondo moduko aktore eta zuzendari bategaz lan egitea.
Bottom izeneko pertsonaia hezurmamitu duzu. Berba gutxitan, zelako pertsonaia da?
A Midsummer Night’s Dream laneko Bottom pertsonaian oinarrituta dago. Behargin bat da, eta obran, magia tarteko, bere burua asto baten buruagatik aldatzen diote. Obran fantasiazko pertsonaiak eta pertsonaia errealak agertzen dira, eta nik interpretatzen dudan pertsonaia, hain justu pertsonaia erreala bada ere, fantasia horretan sartzen da magia baliatuta; oso pertsonaia interesgarria dela iruditzen zait.
Pertsonaia bat barneratzekoan, zeintzuk ariketa mota egiten dituzu?
Lehenengo obra hori irakurri, pertsonaia hori ikusi, zer ibilbide daukan akzio eta emozio aldetik aztertu eta, azkenik, hori guztia norbere errealitatera ekartzen ahalegintzen naiz. Normalean, pertsonaia horretatik nigan dagoena gorpuzten saiatzen naiz; hori guztia indartzen saiatzen naiz. Pertsonaia bat interpretatzen dudanean egiatik egitea gustatzen zait, eta egia izatea egiten dudan hori, nahiz eta fikzio batean kokatuta egon. Aktore modura dauzkadan baliabideak, ezaugarriak eta daukadan guztia publikoari eskaintzea gustatzen zait.
Taularatu berri duzuen lanak, beraz, etorkizun hurbil batean izan ditzakezuen kezkak eta beldurrak azaleratzeko aukera eman dizue.
Antzezlan hau berezia da. Alde batetik, antzezlan hau egiteko emozioa eta ilusioa daude eta, bestetik, Dantzarti lagatzeko nostalgia puntu bat ere badago. Horrek bertigo handia ematen du. Ofizio guztiak dira zailak, baina badakigu zer dagoen mundu honetan, eta ez da erraza. Baina lan honek ematen duen asebetetzeak eta poztasunak gainditu egiten ditu horrek beldurrak eta honek egoerak sortzen duen bertigoa.
Ikasketak amaitu ostean, ze bidetatik jotzeko asmoa duzu?
Ikasketa prozesu honetan garbi geratu zaidana da benetan mundu honetan egon nahi dudala. ETBn urtarrilean emititu zuten programa baterako pare bat jardueterako deitu zidaten, Hondar Ahoak telesailean figurante modura ere parte hartu nuen. Hemendik aurrera zer izango den ez dakit, baina garbi daukat hau dela benetan nik nahi dudan lanbidea. Antzerkia asko gustatzen zait, publikoagaz zuzenean egotea niretzako izugarria da, eta horrek asko betetzen nau. Orain, gainera, ikasketa amaierako lanagaz ere hasita nago.
Zer egiteko asmoa daukazu?
Lan transformatibo bat egitera noa. Gure sorkuntza bat izango da. Ni egongo naiz taula gainean, baina oraindik ezin dut gauza gehiegi aurreratu, lana sormen prozesuan dago eta. Orain sormen prozesuan buru-belarri sartuta nago; ea hortik zer edo zerk irten ahal duen.
“Interneten nenbilela, kasualitatez, Dantzertiko sarrera probetan izena emateko aukera zabalik zegoela ikusi nuen”
Antzerkirako arra zelan sortu zitzaizun?
Umetatik egin nahi izan dudan gauzetako bat izan da. Amak zera esaten zidan umetan: “Zu, maitea, eszenatokian egongo zara”. Beti erakarri izan nauen gai bat izan da. Ikastolan nengoen garaian, Udako Euskal Unibertsitatean biodantza ikastaro bat egin nuen Naroa Argoitiagaz, eta han antzezpenerako grina piztu zitzaidan. Handik gutxira, Ondarroako Erdi Aroko azoka zetorren, eta Nahia Iparragirregaz topo egin nuen kalean. Bazekien horrelako kontuak gustatzen zitzaizkidala, eta kale animazioan parte hartzera gonbidatu ninduen; baietz esan nion. Egia esan, antzerki munduan Nahia izan zen benetan zirikatu ninduena, eta bertan sartzeko aukera eman zidana.
Zergatik izena eman zenuen Dantzerti moduko eskola batean?
Aurretik hainbat ikastaro egin nituen, baina zerbait gehiagoren beharra nuela sentitzen nuen; neu trebatzeko eta, ostean, umeei eskaintzeko ikasitako hori guztiori. 2016ko apirilaren 15ean nire kuadrillako bat bihotzekoak jota hil zen bat-batean, eta bizitzan denbora gutxi daukagula konturatu nintzen. Interneten nenbilela, kasualitatez, Dantzertiko sarrera probetan izena emateko aukera zabalik zegoela ikusi nuen. Laguna galdu berri nengoen, eta ez nuenez ezer galtzekorik, izena ematea erabaki nuen. Sarrera probak egin nituen, eta Dantzertik eskaintzen zituen hamabost lekuetako bat lortu nuen.
Sarrera probak zelakoak izan ziren?
Ez dakit zenbat pertsonak parte hartuko genuen sarrera proba horietan, baina asko batu ginen. Sarrera probak, egia esan, nahikoa osatuak izan ziren. Alde teoriko batean obra batzuk irakurri behar zenituen, eta horri buruzko galdera batzuk egiten zizkiguten. Idatzizko beste proba bat ere gainditu behar izan genuen. Irudi performatibo bat ipini ziguten, eta horri buruzko sormen lan bat idatzi behar izan genuen. Ostean, nahikoa orokorra izan zen proba fisiko bat ere egin behar izan genuen; pertsona bat zegoen tailer bat gidatzen, eta bertan parte hartzen ari ginen bitartean, epaimahaiko kideak gu ikusten ari ziren. Azkenik, epaimahaiko kideen aurrean egin beharreko bi bakarkako proba gainditu behar izan genuen.