Eremu urdineko TAO guneak gehitu eta eremu berdea eta gorria ezarriko dituzte Mutrikun
Hasiera batean aparkaleku mugatuen sistema uda sasoian egongo da indarrean. Herrian aparkalekuak arautzeko ordenantza eguneratzeko premia ikusi du Mutrikuko Udalak, "iazko uda eta aurtengo Aste Santuko egoerak hala eskatuta".
Mutrikuko udalbatzak eguazteneko [apirilak 14] ezohiko osoko bilkuran aparkalekuak arautzeko ordenantza berria onartu du. Horren arabera, TAO sistema berria ezarriko dute; hain zuzen ere, eremu urdineko TAO guneak gehitu eta eremu berdea eta gorria ezarriko dituzte, eta herrigunean bakarrik egoiliarrek aparkatu ahalko dute.
Aparkaleku mugatuen sistema, hasiera batean, uda sasoian indarrean egotea aurreikusten dute. Azaldu dutenez, orain arte ez dute aparkalekuak arautzeko ordenantza aldatzeko edo eguneratzeko premiarik ikusi; esan dute “iazko udan eta aurtengo Aste Santuan gertatutako egoerak eskatuta” egin dutela aldaketa. “Araudi berriaren helburu nagusia da kanpotik datozenen beharrak errespetatuz herritarren ongizatea eta lasaitasuna bermatzea”.
TAO sistema indarrean dagoen sasoian herritarrek eta egoiliarrek eremu guztietan doan eta denbora mugarik gabe aparkatu ahalko dute, orain arte modura. Herrian erroldatuta daudenek edota ibilgailuaren zerga Mutrikun ordaintzen dutenek aparkatzeko baimena emango dien itsasgarria jasoko dute; aurreratu dute “beste zenbait kasu berezitarako” ere itsasgarri horiek emango dituztela.
Ordenantzari behin-behineko onarpena eguazteneko [apirilak 14] ez ohiko osoko bilkuran eman zioten EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin; B+Iko zinegotzia abstenitu egin zen. Ordenantza berria Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren 30 egunez jendaurrean ipiniko da, iradokizun eta alegazioak aurkezteko. “Ez baldin badago horrelakorik, gaurko erabakia behin betiko bihurtu eta indarrean sartuko da”.
Isun politika ere zorrotzagoa izango dela esan dute, “horren beharra ikusi delako”; parkimetroen tarifak ere eguneratu egin dituzte
Kanpotarrek orain arte herriko ia toki guztietan aparkatzea libre eduki badute ere, horientzako eremu ezberdinak ipiniko dituzte.
- Eremu urdina. Orain arte modura, ordainpeko eremu urdina jarriko dute Saturraranen eta Burumendin; horiez gain, Ondarbeltzeko, Ipitxarriko bihurguneko eta Arbe azpiko aparkalekuan ere ipiniko dute eremu urdina. Egoiliarrak ez direnek gehienez bost orduan aparkatu ahal izango dute, aurretiaz dagokion salneurria ordainduta. Gutxienez beste bi ordu igaro arte, ezingo da bertara bueltatu.
- Eremu berdea. Alkoleako bihurgunean jarriko dute. Eremu urdinarekin alderatuta, salneurri merkeagoa izango da eta aparkatzeko iraupena ere luzeagoa izango da.
- Mutrikura begira dagoen bihurgunearen zatia autokarabanentzako izango da, eta gehienez ere 24 orduz aparkatu ahal izango da.
- Deba aldera dagoen bihurgunearen zatia, berriz, autoak aparkatzeko erabiliko da; erabiltzaileek goizeko, arratsaldeko edo egun osoko salneurriaren artean aukeratu ahal izango dute.
- Eremu gorrian gehienez ere ordubetez aparkatu ahalko da. “Aparkaleku gutxi batzuk izango dira, eta batez ere alde zaharrean egongo dira kokatuta”; Goiko eta Beheko plazen inguruan, eta behar bada, beste leku batzuetan ere jarriko dituzte.
- Aparkatzeko eremu libreak. Kiroldegi eta ikastolaren inguruan, Isabel Lobiano kaleko kanpoko aldean (etxeen azpikoa auzotarrentzat izango da) eta moilan edozeinek aparkatu ahal izango du ordaindu gabe.
- Egoiliarrentzat mugatutako aparkalekuak. Aipatu ez diren eta publikoak diren beste aparkaleku guztiak, Urasamendikoak barne, egoiliarrentzat izango dira.
Antolamenduari dagokionez, ordaindu beharreko leku guztietan parkimetroak ipiniko dituzte; hamabost bat inguru, denetara. Eremu guztiak zirkulazioko seinale bertikalekin bereiztuko dira, eta lurzorua ere margotuko da. “Hau dena kontrolatzeko eta egoki funtzionatzeko hiru TAO zaintzaile kontratatuko dira. Isun politika ere zorrotzagoa izango da, horren beharra ikusi delako; parkimetroen tarifak ere eguneratu egin dira”.