Mutrikun jokatuko da Gipuzkoako Euskal Pilota egokituko txapelketaren laugarren jardunaldia
Eneko Sagarmendi mutrikuarrak buruz buruko bat jokatuko du. Euskal Pilota egokituko Master Cup Txapelketaren irabazleak Jurdan Arakistainen aurka neurtu beharko ditu indarrak.
Gipuzkoako IX. Euskal Pilota egokituko txapelketaren laugarren jardunaldia zapatuan [apirilak 17] jokatuko da Mutrikuko Miruaitz frontoian. 10:00etan hasita, teniseko paleta modalitateko buruz buruko sei partida hartuko ditu herriko frontoiak; multzo urdineko eta zuriko hiruna, hain zuzen. Osasun larrialdi egoera dela eta, ikusle gabe jokatuko dira norgehiagokak.
10:00etatik 12:00etara multzo urdineko partidak jokatuko dira. Iraitz Huegunen eta Joseba Altunaren arteko lehiak zabalduko du jardunaldia, eta horien norgehiagokaren ondoren, Eneko Sagarmendi mutrikuarraren eta Jurdan Arakistainen artekoa jokatuko da. Multzoko azken partidan Iraitz Huegunen aurka neurtu beharko ditu indarrak Jurdan Arakistainek.
12:00etatik 14:00etara, berriz, multzo zuriko partidak jokatuko dira. Kantxaratzen lehenak Iñaki Divasson eta Aritz Lertxundi izango dira, eta horien partidaren ondoren, Xabier Olaziregiren eta Xabier Arizkorretaren txanda ailegatuko da. Iñaki Divassonen eta Xabier Olaziregiren arteko buruz buruzkoarekin amaituko dira Miruaitzen jokatuko diren jardunaldiak.
2020eko Mutrikuko Kirolaririk onenaren saria jaso zuen Eneko Sagarmendik. Saria jaso zuenean Euskal Pilota egokituko Master Cup Txapelketaren irabazleak bere ametsa Mutrikun final bat jokatzea zela aipatu zuen, eta bere hitzak hartuaz lehenengo aldiz pilota egokituko partida bat Mutrikura ekartzeko lanketa egin du Mutrikuko Udalak. “Momentuz Gipuzkoako Txapelketako laugarren jardunaldia ekartzea lortu dugu, baina etorkizunean behar den guztia egingo dugu Eneko Sagarmendik final bat Mutrikun jolas dezan”, azaldu du Aitor Itza Mutrikuko Kirol zinegotziak.