Jaurlaritzak maiatzaren 10ean eskuratuko du Ondarroako Itsas Barrutiko eraikinaren eskumena
Espainiako Estatuaren titulartasunekoa den eraikina Jaurlaritzaren eskuetara pasatzen denean eraitsi egingo dute.
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Ondarroako Itsas Barrutiko eraikinaren eskualdatzea itxi zuten barikuan [apirilak 16]. Transferentzien Batzorde Mistoa maiatzaren 10ean batuko da bi erakundeek adostutako akordioa izenpetzeko. Egun berean beste hiru akordio ere gauzatuko dira ofizialki: Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako hiru euskal espetxeen kudeaketari lotutako eskumena, Errepide Garraioarena eta ISSN kode bibliografikoarena, hain zuzen.
Transferentzia sinatzen denean, beraz, Espainiako Estatuaren titulartasunekoa den Ondarroako Itsas Barrutiko eraikina Jaurlaritzaren eskuetara pasako da. Operazio horri esker, eraikina eraitsi eta lonja berriko bigarren faseko lanekin jarraitu ahal izango direla azpimarratu dute. “Akordioa itxita dago, eta horri esker Ondarroako portua biziberritzeko lanak gauzatu ahal izango dira”, zehaztu du Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak.
Funtsean, Ondarroako Kalare Deuna kofradia zegoen eraikina osorik bota ahal izateko egin dute izapidea. Kofradiari zegoen zatia eraitsita dago, baina Kapitaintzari dagokion zatia ezin izan dute eraitsi, titulartasuna Espainiako Estatuarena zelako. Eraikina eraisten denean, biribilgune bat eta kargatutako kamioiak portutik irteteko arrapala eraikiko dute gune horretan.