Mutrikuko Beheko Plazan ezingo da aparkatu herria gune gorrian dagoen bitartean
Mutriku ere gune gorrian dauden herrien zerrendara batu da gaur [apirilak 19]. Bihartik [apirilak 20] aurrera, hainbat neurri murriztaile indarrean egongo dira gutxienez datorren martitzenera arte [apirilak 26]. Besteren artean, ostalaritzaren barruko ordutegia mugatuta egongo da. Hala, Beheko Plazan goizetan ere ezingo dela aparkatu jakitera eman du udalak, “bertako tabernek herritarrei zerbitzua ematen jarraitzeko aukera” eduki dezaten. “Egoera berri eta zail honi aurre egiteko, Beheko Plaza goizetan ere ibilgailuentzat itxita egongo da”.
Herria gune gorrian dagoen bitartean ostalariek gosaltzeko eta bazkaltzeko orduetan (06:00etatik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era) eman ahalko dute bakarrik zerbitzua establezimendu barruan, eta horiek goizetan ere terrazan zerbitzua ematen jarraitu dezaten hartu dute erabakia.
Orain arte modura, osasun neurriekin jarraitzeko deia ere egin die udalak herritarrei. “Eskuak garbitu, musukoa erabili eta pertsonen arteko distantziak zaindu”.