"Euskal sindikalgintzaren aurka" egindako azken atxiloketak salatu dituzte Ondarroan
Astelehenean Nafarroan egindako atxiloketak "muntaia poliziala" izan direla salatu dute. Borrokan jarraituko dutela adierazi dute, eta ez dutela "pauso bakar bat ere atzera egingo".
Astelehenean [apirilak 19] Nafarroako LAB sindikatuko sei kide atxilotu zituen Espainiako Poliziak Iruñean. Atxiloketa horiek eta borroka sindikal feministari egindako “erasoa” salatzeko mobilizazioak egin dituzte gaur [apirilak 23] Euskal Herriko hainbat herritan. Borroka sindikala aurrera! lelopean Ondarroako Alamedan ere elkarretaratzea egin dute.
Azpimarratu dutenez, euskal borroka sindikal feminista babesteko nahiagaz egin dute gaurko elkarretaratzea. LABeko ordezkarien iritziz, Nafarroako polizia operazioak bestelako helburuak eduki ditu. “Egoera hau lotsagarria iruditzen zaigu. Bi protesta ekintza baketsu zehatzen inguruan antolatutako muntaia poliziala izan da. Eta irakurketa argia du: patronala, aparatu judiziala eta poliziala, gure ekintzak indargabetu eta zigortu nahian dabiltza”.
Gaineratu dutenez, sektore prekarizatu eta feminizatu batek egindako borroka sindikalari erantzun eta hori zigortu nahi izan dute atxiloketekin. “Ekintza bietan emakumeak izan dira protagonista”. Are gehiago, boterean dauden indarrek halako protesta ekintzak ez dituztela atsegin adierazi dute. “Sistemari ez zaio interesatzen gu, emakume langileok aurrez aurre jartzea. Ezarritako ordena zalantzan jartzen ari gara eta garesti ordainduko dugula adierazi digute”.
Euren jarduna “mugatzen” ahalegindu badira ere, aurrerantzean ere borrokan jarraituko dutela nabarmendu dute. “Badakigu errepresio gehiago etorriko dela eta poliziak jokaera hau babestuko duela. Baina alferrik ari dira, ez dugu pauso bakar bat ere atzera egingo, ezta aldarrikapen bat albo batera utziko; bide horretan borrokan jarraituko dugu nahiz eta halako gertaerak errepikatu”.