Euskarazko kultur eskaintza sustatzea helburu duen proiektua gauzatuko dute Ondarroan eta Berriatuan
Atzerriko hizkuntzetan egindako kultura nagusitzen ari delako sortu du proiektua Udalbiltzak. Egitasmoari esker hamasei ipuineko bilduma bat, bost antzezlan eta bost film labur barnebiltzen dituen film luze bat sortuko dira.
“Globalizarioarengatik eta espainiar eta frantziar estatuen ahalbide ugariengatik, atzerriko hizkuntzetan egindako kultura nagusitzen ari da gizartean, gure hizkuntzan egindako artearen kalterako”, dio Udalbiltzak. Eta egoera horri erantzun asmoz, Geuretik Sortuak proiektua sortu dute euskara hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatzeko.
Egitasmoaren barruan 26 artista hautatu dituzte: hamasei idazle, bost zinemagile eta bost antzerki konpainia. Zerrenda horretan dago Yolanda Arrieta idazle etxebarritarra ere. Artistek egonaldiak egingo dituzte Euskal Herriko 25-30 herritan, tartean Ondarroan eta Berriatuan, eta egonaldi horietatik hamasei ipuineko bilduma bat, bost antzezlan eta bost film labur barnebiltzen dituen film luze bat sortuko dira. Obra horiek guztiak erakusteko hedapen zirkuitu bat ere osatuko du Udalbiltzak 2021eko azken hiruhilekoan eta 2022ko lehen seihilekoan; Ondarroan eta Berriatuan ere egingo dira emanaldiak. Idazle etxebarritarrak, hain zuzen, Etxarri-Aranatzen egingo du egonaldia.
Ondarroan eta Berriatuan Sarai Robles sortzaile nafarrak garatuko du proiektua, eta literaturan oinarritutako sormen lan bat garatuko duela aurreratu dute. Horretarako, euskaraz sortzeko egonaldi artistikoa egingo du Ondarroan edota Berriatuan; hiru astera bitarteko egonaldia egingo du, “inguruko kultur ekosisteman murgildu eta sorkuntza literario bat gauzatzeko”.
Ondarroako eta Berriatuko udalak batera aurkeztu dira kultur sorkuntza beka deialdira. Azaldu dutenez, bat datoz Udalbiltzaren proiektuaren helburuagaz eta bi herrietako alkateek bat egin dute proiektuarekiko duten iritzian. “Bi udalek proiektu honen alde egin dugu pentsatzen dugulako halako kultur proiektu nazionalek merezi dutela guztion babesa. Euskal kultura babesteko eta bultzatzeko bidea da proiektu hau, euskaratik eta euskaraz. Kultur estrategia nazional baten faltan funtsezkoa da herrietatik halako ekimenak babestea”.