Bertan behera geratu dira Antxoa Eguna, San Juan suak eta Gorozikako eta Kamiñazpiko jaiak
Gaur gaurkoz halako tankerako jai jendetsuak egitea ezinezkoa dela azaldu du udalak. Auzo jai batzordeetako eta herriko kultur taldeek begi onez hartu dute kultura batzordeburuak egindako proposamena.
COVID-19ak eragindako osasun egoera tarteko, Ondarroako Udalaren Kultur Batzordeak aurtengo Antxoa Eguna eta San Juan bezperako ospakizunak bertan behera lagatzea erabaki du; erabaki bera hartu dute Gorozikako eta Kamiñazpi jaiak antolatzeaz arduratzen diren bi auzoetako jai batzordeek ere. Ondarroako lau jai horiek, beraz, bigarren urtez jarraian bertan behera geratuko dira. Esan dutenez, gaur gaurkoz zaila da halako tankerako jai jendetsuak egitea. “Jai horietan jende pilaketa handiak ematen dira nahikoa espazio txikian, eta horrek ez du ahalbidetzen gutxieneko segurtasun neurriak izango lituzteketen ekintzak gauzatzeko aukerarik ematen”.
Erabaki proposamenak kultura batzordera eraman zituen astelehenean [apirilak 26] Aritza Aristondo Natxiondo kultura zinegotziak, eta bertaratu ziren herriko kultur taldeek begi onez hartu zuten batzordeburuaren proposamena. “Ordurako, kultura saila Gorozikako eta Kamiñazpiko jai batzordeekin harremanetan jarrita zegoen, eta biek euren auzoetako jaiak aurten ere bertan behera lagatzeko asmo irmoa zutela adierazi zuten”.
Gauzak ondo joan izan balira, maiatzaren 15ean zen ospatzekoa aurtengo Antxoa Eguna. “Iaz etxean geunden denok eta horrek modu seguruan egitarau bat antolatzea ahalbidetu zigun. Gaur egun, berriz, halako jai bat antolatzeak segurtasun bermerik ez egotea ekarriko luke, batetik, espazio txikian jende asko pilatzen delako distantziarik mantendu barik eta, bestetik, egun guztiko jaia izanik, jende pilaketa hori denbora luzekoa izango litzatekeelako”, esan du kultura batzordeburuak.
Antxoa Egunik ospatuko ez bada ere, Zilarrezko Antxoa saria banatzeko asmoa agertu du udalak
San Juan bezperako ospakizunekin ere gauza bera gertatzen dela adierazi dute. “Antolatzen diren suak eta horien inguruan egiten diren ekintzak jende askoren bilgune izaten dira, eta, zer esanik ez, Artelanek antolatzen duen Akelarrean edo Artakaren oihal eta trapezio ikuskizunetan; une honetan saihestu egin behar dugu hori”.
Antxoa Eguna izan behar zenari kutsu berezia emateko asmoagaz, pintxo lehiaketa egitea ere proposatu zien udalak beste urteetako lehiaketetan parte hartu izan ohi duten tabernariei, baina asmo hori bere horretan geratu dela esan dute. “Antxoa pintxoak egin, tabernetan saldu eta herritarrek bozketa bidez irabazlea nor zen erabakitzea zen asmoa, baina ez da aurrera atera; ez da lehiakide nahikorik aurkeztu”.
Antxoa Egunik ospatuko ez bada ere, Zilarrezko Antxoa saria “berdin-berdin” emango dutela nabarmendu dute, “saria benetan merezi duenik badagoelako”. Aurrerago iragarriko dute saria zeinentzako izango den. Gogora ekarri dutenez, iazko saria aurrerago egingo duten ekitaldi batean banatuko dute. Saria Artibai Egoitzako langileentzat izan zen, eta ekitaldi berean langile, egoiliar eta senideak batu ahal direnean banatuko dute. “Uste dugu merezi duela behar beste itxarotea saria jendaurrean ohore eta aitortza guztiak eginez eman ahal izateko”.