Pfizerren txertoak hirugarren dosia beharko duela esan du haren sortzaileak
Bigarren dosia jaso eta bederatzi hilabetera hartu beharko dela esan du BioNTech enpresako buruak. Gainera, gero, urtero txertatu beharko da, «sasoiko gripearekin bezala».
Ugur Sahin BioNTech enpresako sortzaileak esan du Pfizerren bigarren dosia hartu eta bederatzi hilabetera beste dosi bat hartu beharko dela immunizazioari eusteko.
Sahinek azaldu du txertoak ematen duen babesa ahuldu egiten dela denbora igaro ahala: “Gure datuen arabera, hiru hilabetera babesa ez da %95ekoa, baizik eta %91koa, eta zortzi hilabetera babesa ematen duten antigorputzak nabarmen gutxitzen dira. Horregatik, hirugarren dosi bat beharko dugu babesa berriz %100 ingurura eramateko”.
Gaineratu duenez, gero «ziurrenik urtero, edo, beharbada, 18 hilabetero, berriz txertatu beharko da, sasoiko gripearekin bezala».
Indiako aldaera. Sahinek adierazi du oraindik ikertzen ari direla euren txertoak noraino babesten duen Indian izurria asko larriagotu duen koronabirusaren aldaeraren aurrean. «Indiako aldaerak dagoeneko ikertu ditugun mutazioak ditu, eta geure txertoa eraginkorra da haien kontra. Horrek konfiantza ematen digu».