Tena eta Larrañagaren lanak saritu dituzte Mutrikuko V. Ziriako Andonegi sariketan
Aurten 47 lan aurkeztu dituzte Mutrikuko mikroipuin lehiaketara, eta horietatik 25 mutrikuarrenak izan dira. Gazte mailako saria banatu gabe geratu da, kategoria horretara inor ez delako aurkeztu.
Ziriako Andonegi mikroipuin sariketan bi mutrikuar saritu dituzte: Anuska Tena Peñak helduen mailan irabazi du eta Joakin Larrañaga Arkotxak, aldiz, mutrikuarren artean lanik onena egin duela ebatzi du epaimahaiak. Aurten gazte mailako saria banatu gabe geratu da, “inor ez delako aurkeztu”. Sari banaketa ekitaldia martitzenean [apirilak 27] egin zuten, udaletxeko areto nagusian egindako ekitaldi xume batean.
Tenak irribarrez eta esker oneko hartu zituen 500 euroko saria, batel itxurako oroigarria eta diploma. Lehenengo aldiz aurkeztu da aurten sariketara, eta esan duenez, lan bakarra bidali zuen. Haurren begirada irakurtzen ikasi zuen neska lana harrera herri batera datozen ama-alaba batzuei buruzko kontakizuna dela azaldu du. “Lanarekin haurrek ez dutela epaitzen transmititu nahi nuen. Umeen begiradetan ez da aurreiritzirik ikusten, onarpena ikusten da, baina helduen begiradetan, aldiz, kontrakoa gertatzen da”.
Larragañak, berriz, 200 euroko saria, batel itxurako oroigarria eta diploma jaso zituen Harrizkoa! umorezko mikroipuinari esker. Egilearen hitzetan, “barre eragiteko” lan batekin irabazi du saria; Txurrukaren estatuari egindako konponketak herritarren artean eragiten duen buruhaustea kontatzen du lanak. Aurtengoa sariketa horretan jasotzen duen hirugarren saria izan da mutrikuarrarentzat. Helduen mailako sari nagusia eskuratu zuen lehiaketa abian ipini zen lehen urtean, eta duela bi urte mutrikuar onenaren saria eskuratu zuen.
Gai librea izanda, parte hartzaileek gehienez 100 hitzez osatutako kontakizunak aurkeztu behar izan dituzte. Udal ordezkariek jakitera eman dutenez, 47 lagunek parte hartu dute aurtengo lehiaketan. Mutrikuarren artean parte hartze handia egon dela azpimarratu dute; 25 lan mutrikuarrek egindakoak izan dira. Gazte mailan, berriz, beste lanketa bat egin beharko dutela esan dute. “Aste Santuko oporraldi erdian amaitu zen lanak bidaltzeko epea. Eskolan daudenean irakasleak gainean egoten dira eta lanak aurkeztera animatzen dituzte, baina opor garaia izan denez, data oharkabean pasatu zaiela uste dugu”.