TicketBAI softwarea euskaraz ipintzeko eskatu du Uemak
TicketBAI ekimenagaz bat egiteko programa bat instalatu beharko dute nahitaez saltokiek, baina oraingoz eskaintzen diren 149 aplikazioen laurdena baino gutxiago dago euskaraz.
TicketBAI Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako ogasunek martxan jarritako proiektua da, eta helburu nagusia da saltokietan egiten diren ordainketak kontrolatzea, “zerga iruzurra eragozteko”. Dendariek, ostalariek eta jarduera ekonomikoren bat egiten duten guztiek programa bat instalatu beharko dute nahitaez ogasunagaz Internet bidez lotuta egoteko; modu horretara, faktura edo tiket bat egiten duten bakoitzean zuzenean ailegatuko zaio dagokion lurraldeko ogasunari. 2021eko urtarriletik aurrera abian da borondatezko aldia, baina datorren urtetik aurrera fakturazio software bat erabiltzea derrigorrezkoa izango da.
Ekimenak, baina, hizkuntza kudeaketaren ikuspegitik hutsune nabarmenak dituela azpimarratu du Uemak. Ogasunek oraingoz baimendu dituzten 149 aplikazioetatik, soilik 34 (%23) jar daitezke euskaraz. “Softwarea garatzen eta instalatzen duten informatika zerbitzuetatik, ordea, argi diote: euskaraz konfiguratu ezin diren aplikazio gehienek ezin dute fakturarik euskaraz egin”.
Egoeragaz kezkatuta, softwarea euskaraz jartzeko dei berezia egin du Uemak, eta beharrezkotzat jo du udalekin harremanetan jartzea, hala herrietako zerbitzu guztietara iritsi ahal izateko. Horretarako, hiru gutun eredu prestatu dituzte. Uemako kide diren udal guztietako denda, taberna, jatetxe eta saltoki guztiera ailegatzea da asmoa, “egoeraren berri eduki dezaten eta herritarrekin euskaraz aritzea bermatzen duen zerbitzuaren alde egin dezaten”.
Ondarroako Udal Euskara Batzordeak ere bat egin du eskaraeragaz. Herriko merkatari, ostalari, zerbitzu eta autonomoak sistema hori jartzeko lanean hasita daudela jakinda, eta erabilerak denei eragingo diela ikusita, beharrezkoa ikusi dute saltokiei mezua helaraztea. “Erabilerak denei eragingo die eta gu euskaraz bizi garela kontuan hartuta, aplikazioak euskaraz ipini eta fakturak euskaraz sortzera bultzatu nahi ditugu herriko enpresak”.